goiena.eus

Gaixo kronikoak irakasle izango diren tailerrak ‘Paziente biziak’ programarekin

  Osasuna  Debagoiena

Gaixotasun kronikoak dituztenak eta haien zaintzaileak gaixotasunaren gainean trebatzea du helburu Osakidetzak abiarazitako programak. Datorren astean bi tailer eskainiko dira Arrasaten: Nire osasuna biziki zainduz izenekoa, bata; eta Nire diabetesa zainduz, bestea.

Osakidetzako Osasun Eskolak abiarazitako Paziente biziak programak urrian emango die hasiera ikastaroei. Nork bere burua zaintzen ikastea dauka helburu programak, eta, horretarako, gaixo kronikoek eta haien zaintzaileek gidatutako tailerrak egiten dira. Inguruko beharrak aintzat hartuta, Osakidetzak 2014an ekin zion metodologia hori garatzeari.

Osasun Eskola gaixotasun ezberdinen gaineko informazio eta prestakuntza eskaintzen duen zerbitzua da, eta asmoa da osasunaren eta gaixotasunaren aurrean jokabide arduratsua lortzea. Gaixotasun kronikoen gaineko tailerretan, gaixoak eta zaintzaileak gaitz horien gainean trebatu nahi dira; baita osasun egoera hobea izaten lagunduko dieten jokabide eta ohiturak erakustean ere.

Eduki ugaria

Tailerrak zortzi eta hamabost laguneko taldeetan egiten dira, bi monitoreren gidaritzapean. Saioetako edukia ugaria da: arazoei aurre egiteko teknikak, ariketa fisikoa sustatzea, elikaduraren gaineko oinarrizko ezagutzak, medikazioaren erabilera egokia, familiarekin eta profesional sanitarioekin komunikatzeko era eraginkorrak eta gaixotasunari buruzko oinarrizko ezagutzak, besteak beste. Gainera, saioetan parte hartzen dutenei, oso hizkera ulerterrazean idatzitako gaixotasun kronikoen gaineko gidaliburua eta tailerrean jorratuko diren gainerako gaien gaineko informazioa ematen zaie.

Bi tailer 

Urrian, programa honen bi tailer eskainiko dira Arrasaten: Nire osasuna biziki zainduz eta Nire diabetesa zainduz. Lehenengoa edozein gaixotasun kroniko duten pertsonei eta gaixo horien zaintzaileei dago zuzendua eta zazpi saio izango ditu; bigarrena, ostera, II motako diabetesa duten pertsonei eta haien zaintzaileei zuzenduko da, sei saioko iraupenarekin. Saioak bi ordu eta erdiko iraupena daukate eta astean behin egiten dira.

Tailerrak Arrasateko Etxaluze eraikinean eskainiko dira; gaixotasun kronikoen gainekoa urriaren 13an izango da (10:00), euskaraz. Diabetesaren gainekoa, berriz, urriaren 19an (16:00), gazteleraz. Gaixotasun kronikoak hizpide dituen saioa Aretxabaletan ere eskainiko da; kasu horretan, gaztelaniaz, urriaren 13an, 16:00etan, Arkupe aretoan. Interesa dutenek euren herriko anbulategiko mostradorean eman beharko dute izena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa