Memoria historikoa eraikitzen, frankismoaren aurkako kereilek aurrera egin dezaten

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko urr. 2a, 12:00

Duela 80 urte tropa frankistak Intxortako frontean geldiarazi izana goraipatu eta memoria historikoaren esparruan egun dauden erronkak ezagutzera emateko, jardunaldi memorialistak antolatu dituzte gaur, urriak 1, Elgetako Espaloian. Iruñeko –Joseba Asiron alkatea ezin izan da etorri–, Bilboko eta Bartzelonako udaletako ordezkari esanguratsuak izan dira, besteak beste.

Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformako kide Josu Ibargutxi izan da hitza hartzen lehena gaurko jardunaldietan. Luze eta zabal aritu da eta nabarmendu du, besteak beste, herritarrengandik gertuen dauden erakundeak, kasu honetan Udalak, inplikatzea garrantzitsua dela; udalerrien eta hirien sare bat eratuz gero pisu handiagoa emango liokeela horrek orain arte norbanako, talde eta elkarteek aurkeztutako kereilei.

Bartzelonako Udala, aitzindari

Bartzelonako alkateorde Jaume Asens izan da bigarrena hitza hartzen. 2013an Altra Italia elkarteak aurkeztutako kereilaren berri eman du, hau da, Bartzelonan bizi diren italiar progresisten elkarteak bonbardaketen biktima batzuekin batera –Bartzelonako bonbardaketetan, estimazioen arabera, 5.000 hildako zibil egon ziren–. Horrez gain, jakitera eman du Udala Abokatuen Eskola ere akusazio partikular gisa ere aurkeztu direla."Moralki, eta legalki ere esango nuke, Udalaren betebeharra dela uste dut. Preskribatu ez duen krimena da, eta duen gogortasun eta krudelkeriagatik, ez bakarrik bizi izan zutenei baizik eta gizarte guztiari eragiten dion krimena da. Eta preskribatu ez duenez, jarraitzea dagokigu eta biktimak bakarrik ez laga bidaia honetan", gaineratu du.

Amaitu du esanez bide penalak denboraren muga duela: "Akusatuak hiltzen direnean hor bukatzen da. Baina gero bide zibila dago, kalte-ordainak eta erreparazioa exijitzeko". Aitzindari izanik, Bartzelonan irekitako bidearen berri ematera etorri da Asens, beste udal batzuendako lagungarri izan daitekeelakoan. 

Bilboko Udala ere lanean

Bilboko Alkatetza zinegotzi Mikel Alvarezek eman ditu Bilboko Udalak azken urteotan eman dituen urratsen berri. Duela bi urte kale izenak aldatzen hasi ziren –12 bat aldatu dituzte, eta laster beste hirurena aldatuko dituzte–; sinbolo edota ikur faxistak eta frankistak kentzen dihardute. Eta azken ekimena eta bereziki horri egin dio erreferentzia gaurko berbaldian, eguenean, hilaren 29an, Bilboko Udaleko osoko bilkuran hartutako erabakia izan da. "Bi hanka ditu proposamenak: batetik, zigortuak izan ziren funtzionarioen aldeko ekitaldiak egitea, liburu bat esaterako. Izan ere, Udal langile asko zeuden [1.934, funtzionario eta langileen artean; horietatik 1.444 errepresio motaren bat jasan zuten] eta asko izan ziren zigortuak. Eta, bestetik, bonbardaketetan eta bestelako gertaeretan egondako biktima zibilen aldeko ekimenak ere egitea".

Iruñeko Udalaren urratsak

Esandako moduan, Joseba Asiron Iruñeako alkateak ezin izan du jardunaldietan parte hartu azken orduko emergentzia baten ondorioz. Hala ere, gutun bidali du bertaratutakoei Iruñeako Udalak emandako pausoen berri jakinarazteko: "Iaz garbi genuen gobernura sartu ginenena memoria, justzia etra erreparazioa beharrezkoak zirela. Eskumak gobernuatu du urte askotan Iruñean eta isiltasuna izan da nagusi".

Asironek azadu moduan, Nafarroan ere "errepresioa bortitza izan zen, eta Iruñean bakarrik 300 fusiatutik gora, 1.000 atxilotu inguru, 260 funtzionario santzionatu eta kargugabetu eta 170 pertsona errepresio ekonomikoaren biktima izan ziren, 1936tik 1939ra. Krimen ez dira oraino epaituak eta kasu askotan ezta ikertuak ere". Hori horrela, honakoa gehitu du Asironek: "Orain dela urte bat Madrilgo kereila Argentinarraren Koordinadorarekin bilera bat egin ondoren, Iruñekp Udalak krimen horiek guztiak ikertzeko eta justizia eta erreparazioa behingoz bete dadin kereila bat aurkeztea erabaki zuen, erakundeek ere badutelako zer esanik kausa honetan". Kereila aurkezteko Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek lau hilabetez krimen horiek guztiak ikertu dituzte eta urriaren 4an aurkeztuko dituzte ikerketa horren emaitzak. Gero, Iruñeako Udaleko zerbitzuko juridikoek eramango dute aurrera kereilaren defentsa. Horretarako, biktimei arreta egiteko bulego bat ireki zuten maiatzean eta hilabeteotan aitortzak, testigantzak eta dokumentazioa batzen aritu dira.

Iraitz Lazkano: "Ezinbestekoa da aurrera begira urratsak ematen joatea"

Amaitzeko, Iraitz Lazkanok bizipen pertsonaletatik abiatutako interbentzioa egin du, haren amonak kontatutakoetan oinarrituta. Jardunaldien amaieran, GOIENAko kameren aurrean gogora ekarri ditu jardunaldi memorialisten helburuak: "Helburu ezberdinak izan ditu: batetik, duela 80 urteko erresistentziaren garrantzia goraipatzea eta horrekin lotura eginda memoria historikoaren esparruan ditugun erronka ezberdinak ezagutu eta ezagutaraztea. Finean, diskurtso memorialista eraikitzen joatea". Gainera, aurrera egiteko beharra ere azpimarratu du Lazkanok: "Inpresioa dugu memoria historikoa lantzerakoan atzera begira gaudela, zer gertatu zen kontatzen. Hori oso garrantzitsua da, zalantza barik, baina ezinbestekoa da aurrera begira urratsak ematen joatea".

 

Erlazionatuak

Jardunaldi Memorialistak gaur Elgetan

Monika Belastegi Aranzabal 2016 urr 01 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak