Jaume Asens: "Bartzelonako bonbardaketek ia 5.000 hildako zibil eragin zituzten"

Ubane Madera 2016ko ira. 30a, 09:18
Jaume Asens, Bartzelonako alkateordea.

Elgetan izango da bihar, zapatua, Bartzelonako alkateorde Jaume Asens. Intxortan faxistak geldiarazi zituzteneko 80. urteurrenaren bueltan gonbidatu dute hura, bestelako ekitaldien artean egingo den mahai-inguruan –10:30, Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentroan, Espaloian– parte har dezan. Bartzelonan Italiako abiazioak egindako bonbardaketengatik aurkeztutako kereilari buruz jardungo du.

Zein da zuen kereilaren arrazoia?
Arrazoi nagusia argi dago: sekula ez zuten hil behar bonbardatu zituzten milaka katalanek eta krimen horiek oraindik zigorgabe segitzen dute. Denborak ez du ezabatzen krimen-egileen erantzukizuna. Bestalde, sasoi hartan gerrak arautzen zituzten nazioarteko arau guztiak hautsi egin zituen Italiako hegazkinen bonbardaketak; batetik, Italiak inongo gerra deklaraziorik egin gabe atzerriko interbentzio militar ilegala izan zelako, eta bestetik, jomuga herritar zibilak izan zirelako, desarmatutakoak eta frontetik urrun zeudenak.

Zergatik aurkeztu duzu kereila hau?
Ez, hori ez da zuzena. Kereila hau Altra Italia elkarteak aurkeztu du, Bartzelonan bizi diren italiar progresisten elkarteak, bonbardaketen biktima batzuekin batera. Abokatu naizenez, kasuaz arduratu nintzen, ardura publikoak izan aurretik. Geroago, alkateorde moduan eta nire lanbidea utzi ondoren Bartzelonako Udalari erabateko dedikazioa eskaintzeko, gobernu modura kausa horretan kaltetu izateagatik aurkeztea mahai gainean jarri genuen, oposizioko bestelako alderdi batzuekin batera.


Bartzelonan oraindik agerikoak dira atake horien aztarnak?
Bai. Oraindik biktima batzuk bizirik daude. Kereilan dagoen kaltetuetako bat, adibidez, ume zela zauritu zuten bonbardaketetan. Atake horietan 1.808 eraikin suntsitu zituzten. Masakre hartako esparru ikonikoenetako bat bisitatzea besterik ez dago jabetzeko: Sant Felip Neri plaza, Bartzelonako Udaletxetik metro gutxira dagoena. Hiriak duen txokorik intimo eta magikoenetakoa, eta, duda barik, bere pareten artean samin handiena gordetzen duena. Elizaren aurrealdean oraindik ere agerikoak dira gerra zibilak Katalunian (eta Espainian) egindako bonbardaketa ankerrenetakoaren arrastoak; inguru guztia suntsitu zuen, baita haurreskola ere. 1938ko urtarrilaren 30eko 09:00etan egindako eraso hartan, historialariek 153 hildako kontabilizatu zituzten, gehienak umeak.


Ze puntutan dago kereila?
Hemengo kereilak l'Aviazione Legionarako 21 pilotu seinalatzen ditu, gizateriaren kontrako krimenengatik; 1937-1939 urteetan parte hartu zuten Kataluniako hiriburua bonbardatzen, eta, historialarien estimazioen arabera, ia 5.000 hildako zibil eragin zituzten. Badakigu bat, sikiera, bizi dela, nahiz eta oso nagusia izan, eta bere interrogatorioa baimentzearen zain gaude. Denbora gure kontra doa.


Ze aukera erreal ditu aurrera egiteko?
Kereila bera bada garaipen etiko eta morala. Eta espero dugu etorkizunean, bide penaletik zein zibiletik, garaipen juridikoa ere izatea. Baina garrantzitsua da balioan jartzea mota horretako prozesuek ze dakarten. Herri honetan egindako eta horren isilpean izandako sarraskien gainean eztabaidatzeko espazio publikoa sortzeaz gainera, lekukoei ahotsa ematen diete, eta horri esker euren samina errepara dezakete. Bonbardaketari buruz epaile baten aurrean deklaratzea, terrorerik ihes egin zuten edo gertukoak galdu zituzten askorendako, hori berori ja garaipena da.


Jurisprudentzia ere ezar lezake…
Duda barik, Bartzelonako kereila honek aurrera egingo balu, faxismoak suntsitutako gainontzeko herrietarako aurrekari oso interesgarria litzateke. Bartzelonak Gernikarekin bonbardaketa iragan komuna dauka. Euren borroka gurea ere bada. Horregatik eskaini diegu Gernikari, Durangori eta Elgetari gure erabateko babesa gaia bide judizialetik arakatzea erabakitzen badute. Baita ere gure memoriaren elkartruke kulturala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak