Lanbide Heziketako tituludun gehien dituzten eskualdeetako bat da Debagoiena

Leire Kortabarria 2016ko ira. 29a, 14:10

Debagoiena da Lanbide Heziketako tituludun gehien dituzten eskualdeetako bat Euskadi osoan, Eustat erakundeak emandako datuen arabera. Hain zuzen ere, 10 urte eta gehiagoko biztanleen ia %21ek du Lanbide Heziketako titulua Debagoienean; bakararik Arabako Ibarrak eta Enkarterriak daude aurretik.

Eustat-en argitalpen batek Euskadiko biztanleen ikasketa mailaren gaineko informazioa ematen du, lurraldeka eta eskualdeka ere. Datu orokorren arabera, 10 urte eta gorakoen laurdenek (481.000 lagunek) goi-ertain edo goi mailako unibertsitate ikasketak zituen 2015ean; azken 29 urteotan 13,5 puntuan handitu da emaitza hori.

Euskadiko 332.700 biztanlek (10 urte eta gehiagokoen %16,9k) goi mailako ikasketak zituen iaz, 2014an baino 4.000 pertsona gehiago (+%0,2). 1986a ezkero, goi mailako unibertsitate ikasketak dituztenen kopurua %10 baino gehiago handitu da. Unibertsitate ikasketak zituzten emakumeen kopurua %17,3 handitu da, eta gizonezkoena, %16,5.

Gipuzkoan Lanbide Heziketa egindakoak %18,4 dira, ehuneko 1,0 puntu gehiago EAEn baino. Araban %17,5 dira; Bizkaian, %16,7. Eskualdeka, Arabako Ibarretan dago Lanbide Heziketako tituludun gehien (%22,0), Enkarterriak (%21,1), Debagoiena (%20,9). Bigarren mailako ikasketetan, Bidasoa beherea (%23,9), Arabako Lautada (%23,5), Plentzia-Mungia (%23,3).

Beste muturrean, analfabetoak ziren 10 urte eta gehiagokoen %0,3; gizonen %0,3 eta emakumeen %0,5.
2015ean, ikasketa bakoak, edo eskolaurrea eta lehen mailako ikasketak zituztenak gutxiago ziren; hain zuzen, 10 urte eta gehiagokoen %2,3 eta %33,8, hurrenez hurren; 1986tik, %10,5 eta %18,2 gutxiago, hurrenez hurren.

Alde txikiak lurraldeen artean

Ikasketa-mailen arteko aldeak, lurraldeka, txikiak dira. Bigarren mailako ikasketadunen portzentajerik handienak Araban daude: %22,8, eta %21,6 da EAE osoan. Bizkaian %21,4 dira; Gipuzkoan, %21,5. Unibertsitate-ikasketetan Bizkaia dago batez bestekoaren gainetik (+0,8), %25,3; Gipuzkoan, %23,7; Araban, %23,0.

10 urte eta gehiagokoen %19,3 unibertsitateko ikasketa goi-ertain edo ertainen tituludunak ziren. Emakumeen %21,1; gizonen %17,3. 2014.aren aldean, tituludun goi- ertainak eta goi-mailakoak ehuneko 0,4 puntuz gehitu dira.

Eskualdeka, unibertsitateko tituludun gehien dituztenak honako hauek dira: Plentzia-Mungia (%33,6), Donostialdea (%26,8), Gorbeiako Inguruak (%26,4).

Goi zikloko tituludun gehiago

2015ean, 10 urte eta gehiagokoen %19,9 bigarren mailako ikasketa-tituludunak ziren. Emakumeen %19,2; gizonen %20,6. 2014.aren aldean, ehuneko 0,3 puntu gehiago.

Lanbide Heziketa egin dutenak ere gehitu egin dira, 2014ko %16,1etik 2015eko %16,3ra; tituludun gizonezko gehiago (%19,3) emakumezko (%13,4) baino. Lanbide Heziketan, hiru titulutik bi (%66,1) goi mailako prestakuntza-zikloetakoak dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak