Mutiloako zabortegira eroango dute hiri hondakinen errefusa zati bat

Eneko Azkarate 2016ko ira. 29a, 10:53
Epeleko isurtegia otsailean.

Mutiloako zabortegiak 100.000 tona hondakin jasoko ditu, urtero, datozen hiru urteotan. Urte amaieran hasiko da Gipuzkoako hondakinen zati bat jasotzen. Era honetan eman nahi die Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak behin behineko irteera lurraldean sortzen den errefusa-hondakinei edo sailkatu barik jasotzen direnei. Zabortegi pribatua da Mutiloakoa eta abuztuan lizitatu zen zerbitzua. Enpresa bakarra aurkeztu zen.

Hain justu ere, industria hondakinen isurtegi moduan erabiltzen den Mutiloako zabortegi hori gaur egun kudeatzen duen Ferrovial enpresari esleitu dio GHK-k, 24,8 milioi euroren truke.

Era honetara, lurraldean birziklatzen ez den hondakinen %62 tratatuko dute Mutiloako zabortegian, baina, horretarako, egokitu egin beharko dute zabortegi hori. GHK-k aurreikusten du 2019ra bitartean jasoko dituela hiri hondakinak, hau da, Zubietako errauste planta abian jarri bitartean. Gaur egun Meruelora (Kantabria) eroaten da hiri hondakinen zati bat, lurraldean ez dagoelako horretarako beste zabortegirik gertatuta, Azpeitiko Lapatxekoa beteta eta ixtear dagoelarik.

GHK-tik aditzera eman dutenez, Gipuzkoan, urtean, 160.000 tona errefusa hiri hondakin sortzen da. Eta asmoa da datozen hiru urteotan, horietatik 100.000 Mutiloara eroatea; gainerakoa, Kantabriara eroan ahalko dute 2017ra bitartean, baina hortik aurrera zer gertatuko den ez dute oraindik erabakita.  

Azken hilabeteetako eztabaida edo ziurgabetasun egoerari amaiera eman nahi zaio behin behinean. Izan ere, Bergarako Epeleko isurtegira eroateko aukera ere mahaiaren gainean egon da. Eta dago. 2018tik aurrera, errauste planta abian jarri bitartean beste toki bat aurkitu beharko dute 60.000 hondakin tona tratatzeko.

Epelera?

Epeleko aukera ez du erabat baztertu Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatuak. Debagoieneko Mankomunitateari dagokio erabakitzea Epeleko isurtegia zabortegi moduan erabiltzeko baimentzea, lurraldeko hiri hondakinen zati bat hara eroateko 2018an eta 2019an. Orain arte ez dute begi onez ikusi. Aurrerantzean? Unai Elkoro Mankomunitateko lehendakariak Goienari zera adierazi dio: "Dakigunera arte, GHK-tik beste alternatiba batzuk begiratzen edo negoziatzen ari dira".

Debagoiena Eredu Zabortegirik Ez! Plataforma

Hiri hondakinen kudeaketari lotuta, Debagoiena Eredu Zabortegirik Ez! Plataformako bi ordezkarik agerraldia egin zuten joan zen astean Batzar Nagusietan, Elkarrekin Podemos eta EH Bilduk eskatuta. Batzar Nagusietan ordezkaritza duten politikariei –PPkoari izan ezik, joan egin behar izan zuen– eskualdeko plataformaren sorrera eta ibilbidea azaldu ondoren, Josu Peredak eta Joxe Etxeberriak, biak ere Arrasateko Bilduko eta Aralarreko zinegotzi ohiak.

Besteak beste, azpimarratu zieten Debagoienean hondakinen bilketan eman den garapenaren gakoa dela "bilketa selektiboa hondakin guztientzat ezarri" izana; eta, "derrigortasuna etxeetan hondakinak sailkatzerakoan".

Plataforma horretako kideei Mutiloako zabortegiaren gainean galdetuta, zera diote: "Ez dio axola. Epelen edo Mutiloan organikoa behar den moduan ez batzeak zabortegi bati eta inguruneari dakarzkion arazoak berberak dira". Izan ere, haien ustez, gakoa da herritarra konbentzitzea eta bilketa selektiboa bultzatzea: "hori egingo balitz, 160.000 tona horiek izango lirateke 60.000 tona, asko jota".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak