Azkarraga: "Zehaztu zizkidaten helburuak bete ditut, eta haize freskoa behar du Tabakalerak"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko ira. 28a, 18:00
Haritz Azkarraga.

Orain arte Tabakalerako gerente izan den Haritz Azkarraga arrasatearrak "arrazoi pertsonalak" direla-eta aurkeztu du dimisioa: "Kontratatu nindutenean helburu batzuk zehaztu zizkidaten eta horiek bete ditut. Obra bukatzea, enpresa egitura sortzea eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzea; horiek beteta daude eta fase baten amaierara heldu gara. Orain, Tabakaleraren kudeaketak haize freskoa behar du". 

Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren administrazio kontseilua 15:30ean batzartu da gaur Donostian eta, besteak beste, obraren likidazioa egitea zuten gai zerrendan. Hori ikusita, "une egokia" zen Azkarragarentzat Tabakalerak "haize berriak" har ditzan: "Naturaltasunez eta normaltasunez aurkezten dut dimisioa, ez dago arrazoi arrarorik".

Pozik lau urteotan egindako lanarekin

2012an Tabakalerako gerente izendatu zutenik lau urte intentsu bizi izan dituela onartu du Azkarragak: "Sartu ginenean egoera kaotikoa zen eta horri buelta ematea lortu genuen. Niri gainean jarri ziren lanak, modu batean edo bestean, bete ditugu. Obra esperotako epean eta aurrekontu barruan amaitzea lortu da. Bideragarritasun ekonomikoaren ikuspegitik, kudeaketa aurrekontu estratosferiko batetik aurrekontu erreal batera pasatzea lortu dugu eta aurrekontu hori betetzen ari gara. Beti egin ahal dira gauzak hobeto, baina balorazioa positiboa da orokorrean". Azkarraga ziur dago bere ibilbide profesionalean fase bat amaitzen dela eta berri bat hasi.

Kostu finkoa, aurreikusitako kopuruetan

Tabakaleraren kostu finkoari dagokionez, Azkarragak adierazi du Tabakalera ireki aurretiko estimazioen barruan dagoela: "ireki aurretik bideragarritasun plana eta urtetik urterako aurrekontua aurkeztu nion administrazio kontseiluari. Zifra hori egoki ikusi zuen kontseiluak eta orain arte egunerokotasunak erakutsi du betetzen ari dela".

Egonkortu beharra fruituak emateko

Azkarraga sinetsita dago Tabakalerak etorkizun oparoa duela: "Hasi besterik ez da egin eta egonkortzeko denbora behar du, benetako fruituak ematen has dadin. Hasierako fasea amaitzen da orain eta hurrengo faserako, nire ustez behintzat, kudeaketan beste ikuspuntu bat egoteak mesede egingo dio".

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak