Aurrekontu Irekien karpa urriko hiru egunetan izango da bailaran

Leire Kortabarria 2016ko ira. 27a, 16:28
Imanol Lasa foru diputatua, Aurrekontu Irekiak aurkezten.

Aurrekontu Irekien proiektuak “bultzada berria” jasoko du datozen asteetan, Imanol Lasa foru bozeramaileak gaur, martitzena, jakinarazitakoaren arabera. Honen bitartez, Aldundiak gonbidapena egin nahi die herritarrei foru erakundearen kudeaketaren lehentasunen definizioan inplika daitezen. Datorren urriaren 14ra bitarte, 16 urtetik gorako gipuzkoar guztiek beraien iritziak eta proposamenak helarazi ahal izango dituzte 2017ko aurrekontuen inguruan, eskualde guztietan egongo den partaidetza karpari esker. Arrasaten, Bergaran eta Oñatin ere egongo da.

Karpa horretan, gipuzkoar guztiek informatu eta parte hartzeko aukera izango dute, ekimenaren berri xehetasun guztiekin emango duten laguntzaileen eskutik. Etxez etxe banatu diren esku-orrriak ere eman ahal izango dira. Karpa herri hauetan egongo da: Andoain, Arrasate, Azpeitia, Bergara, Donostia, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Irun, Oñati, Ordizia, Tolosa, Urretxu, Villabona, Zarautz eta Zumaia –hemen hasi zen aurreneko bisita astelehenean.

Arrasateko plazan egongo da karpa urriaren 6an; Oñatin, urriaren 10ean, Foruen plazan; eta Bergarako San Martin plazan hilaren 11n egongo da. Ordutegia honako hau izango da: 10:00-13:00 eta 15:30-19:00.
 
Halaber, datozen asteetan zehar, Imanol Lasak 20 topaketa inguru edukiko ditu Lurraldeko hainbat eragile, elkarte eta talderekin: bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleak, ekintzaileak, jubilatuak, auzo elkarteak, eta gizarte politiken arloko elkartea. “Helburua da gardentasunez ezagutaraztea zertara bideratzen ditugun geure baliabideak, bertatik bertara, herritarren proposamenak eta iradokizunak jasoaz. Aurrekontuak Gipuzkoa osoaren proiektua dira, proiektu partekatuak, haien beharrak eta lehentasunak erdigunean jartzen dituena”, azaldu du.

Karpen eta bilera horien bitartez, zuzenean 2.500 lagunengana iristea espero da.  

Atal espezifikoa Interneten

Era berean, Gipuzkoa.eus Aldundiaren web orrialdeko atal espezifikoaren barruan, Aurrekontu Irekiei buruzko plataforma berria jarri da martxan.  

Webgunean, bi ariketa proposatzen zaizkio erabiltzaileari, aurrekontuei lotuta. Lehenik eta behin, Aldundiaren zuzendaritza desberdinek aurkeztutako 16 proiektu edo ekimenetatik, interesgarrienak edo inportanteenak aukeratu beharko ditu erabiltzaileak. Hurrengo ariketan, berriz, aurrekontu osoa kontuan hartuta egin beharko du lanketa. Simulatzaile baten bitartez, bere lehentasunen arabera, kontuak moldatu ahal izango ditu, atal batzuetan gastua handituz, eta beste batzuetan murriztuz, aurrekontu osoaren muga gainditu gabe. 

Era berean, urriaren 14ra bitarte, uztaila bukaeran etxez etxe banatutako esku-orriak bete eta entregatu ahal izango dira, proiektuen artean gogokoenak aukeratuz eta lehentasunak zehaztuz.

Urriaren 18an onartuko dira diru-kopuruak

Herritar eta eragileen ekarpen guztiak aztertu ondoren, Gobernu Kontseiluak urriaren 18an onartuko ditu aurrekontuaren kopuru nagusiak, eta aurrekontu parte-hartzaileetatik jasotako proiektuak. Aurrekontuen hasierako onarpena, eta Batzar Nagusietan egingo den aurkezpena, urriaren 31erako dago aurreikusita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak