Frankismoaren kontrako euskal erresistentziaren 80. urteurrena gogora ekartzeko jardunaldia, aste bukaeran, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko ira. 27a, 15:48

Zapatuan, hainbat kereiletako bultzatzaileak izango dira herrian tartean Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilako Euskal Plataformako kide Josu Ibargutxi, Iruñako alkate Joseba Asiron, edo Bartzelonako alkateorde Jaume Asens. Domekarako, berriz, antzeztutako bisita gidatu berezia iragarri dute.

Urriaren 4an 80 urte beteko dira Intxortan frankisten aurrerapena gelditu zela. Data garrantzitsua da zazpi hilabetez lortu zelako aurrerapen hori oztopatzea. Horri esker, urriaren 6an Euskal Estatutua onartu zuten, eta urriaren 7an historiako lehen jaurlaritza osatu zuten.

Elgetan, oroimen historikoarekin lotutako ekitaldi bereziak gertatu dituzte aste bukaerarako. Etorkizunera begira jarriko dira egia, justizia eta erreparazioa helburu duten mugimenduen erronkak, aukerak eta betebeharrak aztertzeko helburuarekin. Hizlarien artean izango dira Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Kereilaren Plataformako kide Josu Ibargutxi, Iruñako alkate Joseba Asiron, edo Bartzelonako alkateorde Jaume Asens. Bilboko Udaleko ordezkariek ere baieztatu dute parte hartzea.

Mahai-inguruan, zapatuan, 10:30ean

Zapatuan egingo dute hitzaldia, goizeko 10:30ean,  Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentroan. Martxan dauden hainbat kereilaren berri emango dute gonbidatuek mahai inguru horretan. Aurretik Elgetako alkatea Iraitz Lazkanok eta Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentroko gidari Nerea Villa sarrera emango diote 1936ko gertakarien aurkezpena eginez. Mahai-inguruaren ostean aurreskua eta lore eskaintza egingo dituzte.

Gerrako fronteko parte izandako gainerako udalerrietako ordezkariak ere gonbidatu dituzte ekitaldira, Berritxutik hasi eta Aramaiora arteko udal ordezkariak, alegia. Horiekin batera Lemoa, Ugao, Orereta, Larrabetzu edo Gernika moduko udaletako ordezkariak ere gonbidatu dituzte.

Domekan, antzeztutako bisita gidatua

Urteurreneko ekitaldien barruan, domekan, antzeztutako bisita gidatu berezia egingo dute, Elgetan. 20 bat lagunek orain 80 urteko gertaeretara eramango dituzte bisitariak. Taldea goizeko 10:00etan abiatuko da Espaloia kafe antzokitik eta bisita doan da. Familian egiteko aproposa dela esan dute, eta ez dago aurrez izena eman beharrik.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak