Mondranbike eta Aretxabaletako martxa, bizikletan ibiltzeko hitzordu bikoitza asteburuan

Xabier Urtzelai 2016ko ira. 27a, 14:56

Zapatuan Arrasaten, eta domekan Aretxabaletan, asteburuan aukera bikoitza izango da mendi bizikletan ibiltzeko. Mondranbike martxak azken urteotako arrakasta errepikatu gura du, jakinda, zabaldu dituzten bidetxur berrietan dagoela arrakastaren gakoa. Aretxabaletakoa UDAk antolatuko du lehenengoz, halako estreinuek ematen duten ilusioarekin.  

Irail hasieran Gatzagako eta Arantzazuko martxekin gertatu moduan, oraingo asteburuan ere mendi bizikleta zaleek izango dute non aukeratu, bailaran bi martxa izango direlako, zapatuan Arrasaten (09:00, Musakola), eta domekan Aretxabaletan (09:00, Herriko plazan). 

Mondranbike, enduro ikutuarekin

Besaideko antolatzaileek ondo dakite non egon den orain arteko arrakastaren gakoa: Ibilbidean. Urtero pista berberetan ibili beharrean bidetxur berriak bilatzen eta txukuntzen jardun dute, Udala inguruan, Anporretan... Eta aurten ere izango da sorpresarik –antolatzaileek aurreratu dute enduroko tramurik gura ez duenarendako izango direla jaitsiera errazagoak–. Hemen duzue Arrasateko martxako ibilbidea, ibilbideari dagokionez, luzeak 33 kilometro (1.300 metroko desnibela) eta motzak 28 kilometro (900 metro).  

Aretxabaletakoa, lehenengoz UDAk antolatuta

Domekan (09:00), berriz, UDAk antolatuta mendi bizikleta martxa egingo dute Aretxabaletan. Ez da izango Aretxabaletan egingo den lehena, azken urteotan mendi bizikleta zale talde baten ekimenez hainbat edizio antolatu izan dituztelako, baina bai izango da UDAk antolatzen duen lehena; erreleboa hartu dute, horrenbestez. Hemen ibilbidea. Hala, ibilbide luzeak 33 kilometro izango ditu (1.800 metroko desnibela) eta berritasuna da ibilbide motza (10km) familiei zuzendutakoa izango dela, hau da, Aretxabaletatik Urkulura igoko dira, eta urtegiari itzulia egin eta gero Herriko Plazara jaitsiko dira ostera ere. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak