Lore gorriak, errepresioa jasan zuten debagoiendarren omenez

Mireia Bikuña 2016ko ira. 27a, 10:00

Debagoiena faxisten esku erori zela 80 urte bete ziren atzo, irailak 26. Gerra hark utzitako errepresaliatuak gogora ekartzeko lore eskaintza egin zuten Arrasateko Laubide plazako monolitoaren aurrean. Aurreskua ere dantzatu zuten. Eusko gudariak eta La Internacional abestuaz bukatu zuten ekitaldia.

Bailarako milizianoen eta gudariek senitartekoak eta beste hainbat herritar batu zen omenaldian. "Faxistek kolpe militarra eman zutenean, Debagoieneko ehunka gudari edo miliziano sartu ziren erresistentzian. Eta, askok, dena eman zuten, bizitza ere bai, askatasunaren eta justizia sozialaren alde, Euskal Herriak bere etorkizuna erabaki zezan", adierazi zuten. 1936ko irailaren 21etik 26ra erori ziren bailarako herriak faxisten esku. Lehenak, Oñati eta Leintz Gatzaga, eta, azkena, Arrasate. 1936ko irailaren 26an.

Orduko kolpe militarrak utzitako hainbat datu ere aipatu zituzten: bailarako 8.000 pertsonatik gora Bizkaira ihesi joan ziren, 2.000 pertsona gerrako frontean ibili ziren, miliziano edo gudari moduan, 600 pertsona hil ziren gerrako fronteetan edo herrietan, 154 gudari edo miliziano epaitu zituzten eta haietatik 54 fusilatu egin zituzten, 111 lagun ihesi joan ziren... "Diktadura frankistak erabaki latz asko hartu zituen: 1931ko konstituzioa kendu, Kataluniako eta  Euskadiko autonomia estatutuak baliogabetu, alderdi politikoen eta langileen sindikatuak deuseztatu eta langileek lortutako lorpen politiko guztiak indargabetu", azpimarratu zuten.

Emakumeak eta euskara

Bestalde, emakumeen jasandako errepresioa salatu zuten. "Debagoienean bortxaketak egon ziren. Ilea moztu zieten gehienei eta errizino olioa edatera behartu zituzten. Errepublikarekin irabazitako eskubide guztiak galdu zituzten".

Era berean, euskarak izandako ondorioak aipatu zituzten: "Euskararen erabilera debekatu zuten "hablame en cristiano" agindua emanez. Euskara etxe barruko hizkuntza bihurtu zen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak