Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak 2016

Eskualdeko alkate jeltzaleak Egibarrekin Zarautzen

Eneko Azkarate 2016ko ira. 23a, 07:00
EAJren kargudun -horien artean Debagoieneko alkateak- eta hautagaiak Zarautzen.

Eusko Alderdi Jeltzaleak EAJk gidatutako lurraldeko erakunde nagusien arduradunak elkartu ditu eguenean Zarautzen. Han izan dira Debagoieneko alkate jeltzaleak ere: Arrasate, Bergara, Aretxabaleta eta Eskoriatzakoak: Maria Ubarretxena, Elena Lete, Unai Elkoro eta Joserra Zubizarreta, hurrenez hurren.

Horiekin batera, lurraldeko EAJko beste alkateak eta Markel Olano diputatu nagusia ere; baita Eider Mendoza Batzar Nagusietako presidentea ere. Legebiltzarrerako hautagaiekin batera, Joseba Egibar Gipuzkoako zerrendaburuarekin.

"Denbora berriari ekin genion duela urtebete eta erdi –udal eta foru hauteskundeetan-, eta jarraipena behar du Eusko Jaurlaritzan –Urkullu Lehendakariarekin- eta Legebiltzarrean; eta horretarako, EAJk emaitza ona behar du", nabarmendu dute Eneko Goiak eta Markel Olanok.

Bere aldetik, Joseba Egibarrek azpimarratu du "EAJko erakunde-ordezkari guztiek proiektu politiko beraren alde" dihardutela lanean. Gogoratu ondoren bertan zeuden guztiak udal eta foru hauteskundeetan bozkatuenak izan zirela, azpimarratu du "nazio bat behetik gora eraikitzen dela, udalerriz udalerri hasita, lurraldetik pasa eta Legebiltzarreraino; horrela, nazioa, herria, indartu egiten da”.

Legebiltzarreko bozeramaile jeltzalea konbentzituta agertu da EAJ "ardatz" onena dela nazio-proiektu horretarako. "Baina ez da nahikoa ardatza izatea, motorra ere izan behar gara, herri honen bultzatzaile nagusia", gaineratu du. Ildo horretan, azaldu du EAJren botoa "boto konprometitua" dela bi zentzutan: "botoa eskatzen dugunean, joan-etorriko konpromisoa eskaintzen dugu. Izan ere, ordezkari politikoen lana askoz ere emankorragoa da herritarren babesa eta bultzada baldin badauka", erantsi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak