"Liga hasi besterik ez da egin. Partidu asko geratzen dira eta emango diogu buelta egoerari. Jokalariak oso motibatuta daude eta asteko entrenamenduak oso onak izan dira", esan du derbiaren atarian Aloñako entrenatzaile Gotzon Urzelaik.
Faborito barik
Derbiak derbi direlako ez dago faboritorik domekarako. "Partidu gogorra izango da. Badakigu Azkoagainen jokatzea zer den. Zelai estua da eta Aloñak puntuak behar ditu. Lehiakor izaten ahaleginduko gara, baina sei puntu izateagatik ez gara faborito", dio Mondrako entrenatzaile Josu Zubiak. Iritzi berekoa da Urzelai: "Mondrak ez dauka gu beste puntu beharrik, baina talde orekatua da. Dinamika onean dagoena. Ez da erreza izango, baina, aurrera begiratu behar dugu. Ezinbestekoak dira puntuak guretako eta hori izango da gure helburu nagusia".
Ordizia-UDA
Ohorezko Erregionaleko denboraldiko lehen derbiaz gain, Aretxabaletak ere partidua izango du: bihar, zapatua, Altamiran, Ordiziaren kontra. Mondraren egoera berean daude aretxabaletarrak: sei puntu dituzte sailkapenean eta kontrarioak zero. Ordiziak, Mondraren kontra, atzeko lerroan erakutsitako ahulezia baliatu gura dute Iñigo Velez de Mendizabalen mutilek.
Zumaiako-Bergara
Erregional Preferenteko bigarren jardunaldiko partidua jokatuko du Bergarak Zumaiakoren kontra (domeka, 17:00). Multzo bereko Mondrak eta Aretxabaletak etxean jokatuko dute: arrasatearrek, zapatuan, 17:30ean, Tolosaren kontra; eta, aretxabaletarrek, egun berean, 15:30ean, Ikasberrirekin.
Lehenengo Erregionalean diharduen Antzuolak ere derbia izango du Oñatin, bihar, 16:30ean. Bergara Eibartarrak taldea hartuko du domekan, 18:00etan, Ipintzan. Arizmendik atsedena izango du asteburuan.