Foru Aldundiak 7,8 milioi ipiniko ditu enpresetan langileen parte-hartzea bultzatzeko

Leire Kortabarria 2016ko ira. 7a, 09:41
Parte-hartze programak aurkezteko prentsaurrekoa.

7,8 milioi euro pertsonek enpresetan parte hartu eta lurraldearekiko konpromisoa har dezaten
Gipuzkoako Foru Aldundiak 7,8 milioi ipiniko ditu langileen parte-hartzea bultzatzeko bi programatan, 2015-2019 Ekonomia Indarberritzeko Planaren barruan daudenak. Ainhoa Aizpuru foru diputatuak eman du horren berri oraingo martitzenean.

2015-2019 eperako Plan horren helburua da Gipuzkoaren indarberritze ekonomikoari eustea, enpresak lehiakorrago izaten lagunduz, enpresetan “jarrera aurreratuak eta jasangarriak” sustatuz eta “herrialde eta lurralde gisa” Gipuzkoaren industria eta ekonomia politikaren “nortasun ikurrak” indartuz.

Lurraldearekiko konpromisoa

Foru Aldundiak orain arte bi tresna aurkeztu ditu: enpresetan pertsonen parte-hartzea sustatuko duen foru arauaren proiektua eta enpresetan inbertsioak laguntzeko Elkargi eta Oinarriren arteko hitzarmenaren bidez martxan jarritako tresna finantzarioa, enpresetan parte hartzeko proiektuak sustatzeko atal bat ere baduena. Bada, oraingoan, hirugarren tresna aurkeztu da: Pertsonekin eta lurraldearekin konprometitutako enpresen sustapenerako programa izenekoa. Horri 5.327.666 euroko ekarpen ekonomikoa egin zaio, eta “lurraldeko kide izatearen zentzu kolektiboaren loturak eta artikulazioak berreraikitzen lagunduko duten gizarte antolaketa” bilatu eta sustatu nahi du, Foru Aldundiaren esanetan.

Parte-hartzea sustatzeko programa honek hiru ardatz ditu:enpresak pertsonetan oinarritutako erakunde bihurtzea, parte-hartze ereduak sortuz; enpresa-proiektuetan pertsonen protagonismoa indartzea; eta prozesu ekonomiko eta sozialaren arteko loturak identifikatu eta zabaltzea.

Bigarren programa Gipuzkoaren aurrerapena eta lurralde kohesioa sustatzeko programa deitzen da, 2.471.287 euroko esleipena duena. Deialdi honekin, Foru Aldundiak proiektu estrategikoak garatzea bilatzen du, agertoki sozio-ekonomiko berriei erantzunez eta lurraldeko eta enpresetako eragile eta tresnak lerrokatuz.

Bestetik, erakunde guneak, zerbitzuak eta azpiegiturak sortuz lurraldearen eraldaketa erraztuko duten politikak sustatuko dira, eta bestetik, eskualde mailako estrategiak bultzatuko dira lurraldearen garapenean lagunduko duten ingurunean eraikitzeko. 

Antzuola-Bergarako lanak, aurrekontuetako lehentasun 

Martitzenean egindako Diputatuen Kontseiluan ere, 2017ko aurrekontuak osatze aldera, ardatz tekniko zein ekonomikoak eta egutegia onartu ditu Aldundiak. Ardatz hauek aurrekontuak osatzeko oinarrizko irizpideak finkatzen dituzte.

Gastuei dagokionez, aurrekontuek baliabideak ezarri beharko dituzte hartutako konpromisoei aurre egiteko, hiru eremutan batik bat: politika sozialak, mendekotasuna dutenentzako diru-laguntzekin, erresidentzien hitzarmenaren aplikazioarekin, plaza berrien sorrerarekin eta politika sozialen maparen gauzapenarekin; bide-azpiegiturak, non, besteak beste, Antzuola–Bergara zatiaren lanak hasiko diren 2017an; eta ekonomia sustapena eta iruzurraren aurkako borroka, azken alor honetan giza-baliabideak sendotzea aurreikusten baita.

Bozeramaileak aurreratutakoaren arabera, Aldundiaren aurrekontu propioa 820 milioi euro ingurukoa izan liteke, %2ko hazkunde batekin, gutxi gorabehera, baina Euskal Finantzen Kontseilura arte itxaron beharko da zehazteko.

Aurrekontuak onartzeko egutegiari dagokionez, pasa den astean eman zitzaion hasiera, aurrekontu irekien partaidetza proiektuaren aurkezpenarekin. Honen bitartez, herritarrek eta eragile nagusiek lehentasun nagusien definizioan parte ahal izango dute, urriaren 14ra bitarte. Aldi berean, departamentuek beraien proposamenak osatu eta horien berri emango dute urriaren 4ko Diputatuen Kontseiluan. Zuzenketa eta moldaketa guztiak zein Genero Inpaktuari dagokion txostena egin ondoren, Diputatuen Kontseiluak hil bereko 18an onartuko ditu kopuru nagusiak, eta aurrekontu irekien prozesutik sartutako proiektuak. Aurrekontuen hasierako onarpena eta Batzar Nagusietako aurkezpena urriaren 31rako egitea espero da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak