Iñaki Beristain: "Lekurik txikiena hemen eman genien, eta merezi zuten toki hau eta omenaldi hau eskaintzea"

Julen Iriondo 2016ko ira. 3a, 11:04

Inauguratu dute Xabier Alvarez de Eulateren, Jose Luis Iriondoren, Juan Arriolaren eta Xabier Egañaren pinturak eta eskulturak jasotzen dituen Arantzazuko arte-lantegia izeneko erakusketa, urriaren 16ra arte Gandiaga Topagunean ikusgai izango dena. Lauek aldi berean bat egin ez arren, frantziskotar zirela Arantzazun lanean ari ziren Oteiza eta izen handiko gainerako artistek izan zuten eraginik euren obran.

"Bazen jendea ikastea baino nahiago zuena beste gauza batzuk egitea, eta artista atera ziren", zioen umorez Iñaki Beristainek erakusketaren aurkezpenean. "Katxarrero samarrak ziren, baina, pixka bat, artea egiten zuten", jarraitu zuen tonu berean, ondoren, eta ordurako serio, lau artisten maila nabarmentzeko.

Alvarez de Eulate izan da orain arte aitortuena; lehenago ere egin dituzte erakusketak haren gainekoak: "Oso inportantea da pintore bezala". Iriondoren –hauek biak ez dira bizi dagoeneko– lana, berriz, ez ei da orain arte merezi beste ezagutarazi: "Iriondok berak ez zion baliorik ematen egiten zuenari", zioen, "zoragarri" marrazten zuela gehituz. 

Arriola eta Egaña erakusketaren inaugurazioan izan ziren. Aurrenekoak, zera esan zuen askotariko objektu eta gauzei bigarren erabilera bat emanez egin ohi dituen eskulturen gainean: "Nondik atera ditudan nik gauza hauek? Ez dakit, irten egin dira". Aurrez Arantzazun halako erakusketarik egin gabeak –Arriolak azaldu zuen areto hartan bertan zegoela berak eskolak ematen zituen ikasgela–, berezia izan zen eurentzat itzulera, eta horren adierazgarri Egañak, emozionatuta, bere hitzalditxoa egiteko izan zituen lanak.

Edorta Kortadi da Arantzazuko arte-lantegia erakusketako komisarioa; lau artisten sorkuntza goraipatu zuen: "Ez dira obra ezagunak, baina momentu historiko batzuetan, historialariok uste dugu aurreratu ere egin zitzaizkiela artista handitzat ditugun beste batzuei, Gaur taldeko artistei, adibidez, Mendibururi, Txillidari...".

Arantzazuko Adiskideak elkarteak, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Arantzazuko frantziskotarrek antolatutako erakusketa zapatuetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara eta domeka eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara egongo da ikusgai.

Artsitak

Xavier Álvarez de Eulate (Donostia, 1919 - Erriberri, 2012) Arantzazuko Basilikako beirateen egilea izan zelako da ezaguna. Orioko eskultoreak sakon eragin zion, eta horregatik 1950eko hamarkadan bertan behera utzi zituen Madrilgo Arte Ederretako Akademian hasitako ikasketak, “Oteizaren ondoan ikaskuntza biziagoa izateko”. Garai hartan ezagutu zuen eskultorea, berau Arantzazuko Basilika berria dekoratzeko ardura zuen artista-taldeko kide bihurtu zenean. Bere artelana figurazioaren nahiz abstrakzioaren eremuan garatu zen. Denboran zehar, eta 90. hamarkadan pintatzeari utzi zion arte, garatu zituen serie desberdinentzat, Horizonteak, Sasia sutan, Aurpegi Santuak eta Agerkunderako espazioak, besteak beste, formatu txikiko lanak egin zituen. Baita mural handiak ere zenbait eliz eraikinentzat. Azpimarratu beharrekoa da, halaber, beirateen diseinatzaile, gai erlijiosoko eskultore eta ilustratzaile bezala egindako lana. Bere obrek transzendentziako, bakeko eta itxaropeneko zentzua komunikatu nahi izan zuten. Artistak berak adierazitakoaren arabera, bere pintura argiari kolore-akordez egindako akonpainamendu xaloa zen ikuslea goreneko errealitate batera goratzeko: “Ikusten den horretatik ikusezina, baina erreala, denera eraman nahi dut”.

Jose Luis Iriondo (Donostia, 1931 - Bermeo, 2001) margolari finak eta abilak figurazio gozoz jantzi zituen Gipuzkoako zein Euskal Herriko hainbat eliza eta eraikin. Eta munduan barrena ere utzi zuen arrastorik, izan ere, Argentinan, Bolivian, Mexikon, Paraguain, Puerto Ricon, Dominikar Errepublikan eta Estatu Batuetan egin zuen lan. Maite zuen zaletasun pinturari eta hari zion dedikazioarekin bete zuen bizitza, Erriberrin zein Arantzazun izandako lantegietan. Formazioa jaso zezan, apaiz gaztea izanik, lehenengo, Madrilgo San Fernandoko Arte Ederretako Eskolara bidali zuten ikasle libre gisa, eta, ondoren, ikasle ofiziala izan zen Valentziako San Carlosko Akademian. Madrilera destinatu zuten 1962 eta 1964 urteen artean, eta lagun zuen Aita Aguilar dominikoaren Arte Sakroaren Mugimenduarekin bat egin zuen orduan. Aurelio Arteta pintore errealistaren zalea, zeinaren lanak arkatzez kopiatu zituen askotan, bizitza artistikoan zehar landu zituen gai maiteak izan zituen. Motibo erlijiosoak eta nekazal giroko irudiak nabarmendu ziren, eta euskal kostunbrismokoak zeinetan nekazarien, arrantzaleen, harri-jasotzaileen, sare-jostunen, arraunlarien eta abarren egunerokotasuna jaso zuen. Halere, haren artelana marrazkia ez zen bestelako moldez eta euskarrietan ere gauzatu zen. Besteak beste, horma-muralak, pinturak, eskulturak, moldatutako zementuak, beirateak, pirograbatuak, mosaikoak, akuarelak, tabletan egindako erretratuak eta aldareak burutu zituen.

Juan Arriola (Xemein, 1940), ordena 70.eko hamarkadan utzitakoak, haren lengoaia aurkitu zuen art povera-ren lerroan eta hondarreko materialekin osatutako eskulturak eta konstrukzioak eginez, frantziskotarren pobrezia-botoaren eraginez, hain zuzen ere. Arantzazuko Seminarioan Marrazketako irakaslea izan zen garaian, “nire bidea aurkitzeko betiereko bilaketan murgildua nintzen”. Orduan, Basilikako absidearen dekorazioan lanean ari zen Lucio Muñoz margolariari entzun zion esaldi batean aurkitu zuen gakoa: “Eta zergatik ez dira bada artistikoak izango kontserba-potoak ere?”. Bere lehenengo eskulturak “desordena zoragarrian” pilatuak zeuden nikelezko tutu-aulki eta formika-ohol hondar-mordoak baliatuz burutu zituen. Gaur egun objektuen Berpizkundean sinesten duen “bilatzailea” izaten jarraitzen du: “Ez dakit zergatik, baina nire bidea hortik doa, beste bizitza bat izan zuenari bizi berria emateko nahiaren ildotik”.

Xabier Egaña (Areeta, 1943) Arantzazuko Ama Birjinaren Kamarina inguratzen duten horma-pinturen egilea da. 1979ko pintura haietan, non giza gorputzak ezinezko eskortzoetan hautsiak agertzen diren, bere lengoaia artistikoaren ezaugarriak antzeman zitezkeen jada: espresionismo kolorista, Alemaniako mugimenduen gertukoa. Sintonia hark ekarri zuen, hain zuzen ere, Mhülen-etik eliza bateko muralak egiteko enkargua. Oteizak egin zion deiaren emaitza izan ziren Zarauzko Iñurritzako elizako muralak. Ondoren, Puerto Ricoko eliza bateko paretak margotu zituen, Arrigorriagako kiroldegia dekoratu, Errioxako San Asensioko kaperako murala eta abar. Eta haren maisu Álvarez de Eulatek, bere azken urteetan, Donostiako Ibaeta auzoko Espiritu Santuko elizako beirateak diseinatzeko eta gauzatzeko aukera erregalatu zion. Egañaren ibilbide artistikoa bakarka zein beste zenbait artistarekin egindako erakusketa-multzoarekin, ilustratutako liburuekin eta bestelako arte-egitekoekin bateratu du. Eta horiek denak hezitzaile-lanarekin (Arantzazuko Seminarioan eta Elizbarrutiko Magisterio-Eskolan, ordena utzi aurretik). Gaur egun, Forondako (Araba) Andetxako elizako hormen dekorazioan ari da lanean, Bizitzarako margoak izeneko muralak pintatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak