Laboral Kutxak 67,7 milioi euroko mozkin garbia lortu du

Leire Kortabarria 2016ko abu. 25a, 15:33

Laboral Kutxa kreditu kooperatibak 67,7 milioi garbi irabazi ditu urteko lehen erdian, iazko epe berean baino %1,1 gehiago, entitateak jakinarazi duenez. 

2016ko lehen erdiak 2015eko joerari eutsi dio; hala, finantza-marjinak are gehiago estutu dira, batetik interes-tasak %0 inguruan jarraitzen duelako eta; bestetik, kreditu-erakarpenak suspertzeko presioaren ondorioz. Gauzak horrela, “bankan ohikoak diren emaitzak sortzeko muga nabarmenak egon dira”, Laboral Kutxaren esanetan.

Irabaziak handitzeaz gainera, negozio bolumenak %1,6 egin du gora, 525 milioi hazita. Kaudimen mailak (%16,25 CET1 fully loaded), eta likidezia mailak (%85,1eko LTD) “oso nabarmenak” izaten jarraitzen dute. Eta bereziki azpimarratzekoa da %6,51ko berankortasun-tasa, 2012ko apiriletik hona izandako maila apalena.

Likidezia

Bere bezeroen aurrezki-saldoek %4 gora egin ondoren, Laboral Kutxak likidezia-egoera sendotzen jarraitzen du, lehendik lasaia bazuen ere. Kredituen eta bezeroen gordailuen arteko harremana (Loans to Deposits) %85,1ekoa da, hau da, gordailuekiko %85 kreditu eman ditu. Horrela bada, txikizkakoen eta enpresen
merkatuetan inbertsioak egiteko bokazioan urrats gehiago egiteko “indartsu” dagoela dio Laboral Kutxak.

Berankortasuna, inoiz baino baxuago

AEBko Standard&Poor’s sozietateak Laboral Kutxaren arrisku-profil egokia baloratu, eta beraren aktiboen kalitatea "batez bestekotik gora" dagoela adierazi du. Hala, berankortasun-indizeak beherako bidean jarraitzen du eta %6,51n kokatu da, 2012ko apiriletik hona izan den daturik baxuena. Laboral Kutxaren magnitudeak sektorean baino askoz beherago daude, sektore osoaren batez bestekoari erreparatuz, %9,89ko ratioa erregistratu baita. Gainera, kreditu kooperatibaren arrisku-politika zuhurraren adierazle, kaudimengabezietarako (likidezia faltako balizko egoerak) estaldura %69,29koa izan da, finantza-sektorean aurtengo maiatzean zegoen batez besteko estalduratik (%57,96) oso gora.



Gorakada kredituetan

Common Equitiy Tier 1 (CET1) fully loaded terminoetan neurtuta (hau da, arriskuen arabera haztatutako aktiboekiko lehen mailako baliabide propioen maila irudikatzen duen ratioari erreparatuta), Laboral Kutxaren kaudimena nabarmentzeko modukoa da: %16,25 ekaina ixtean.





Bezeroei emandako kreditu osoa 13.622 milioi eurokoa izan da, 2015eko ekitaldiaren amaierako maila mantenduz (-%0,1).

Lehen seihileko honetan, Entitateak gorakada esanguratsuak izan ditu formalizazioetan. Hala, urtarriletik ekainera bitartean, hipoteka-kredituen formalizazio berriak 2015eko aldi berean baino %31,5 gehiago izan dira. Kontsumo-maileguen formalizazio berriek ere gora egin dute: iazko lehen seihilekoan baino %17,1 gehiago, zehazki.



Merkataritzaren alorrean, urtarriletik ekainera bitartean enpresei emandako kreditu berrien saldoa %2 hazi da, 2015eko lehen seihilekoaren aldean.





Baliabide bitartekotuen bolumen osoa (partikularren, enpresen eta erakunde publikoen saldoak barne) 19.292 milioi eurokoa izan da, 2015eko seihileko berdinean baino %4 gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak