Liztor beltzaren aurkako borrokak ez du etenik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko abu. 8a, 19:03
Liztor beltzaren habia bat kentzeko azken interbentzioetako bat, Santa Barbara parkean. Argazkiak: Jose Luis Etxeberria.

Liztor beltza edo liztor asiarra –Vespa velutina– buruhauste ugari ari da eragiten aurten ere. Abuztua eta iraila oso hilabete biziak izaten dira espezie inbaditzailearendako; Arrasaten bakarrik, 33 habia kendu dituzte aurten. "Borroka etengabea" da, adierazi du Arrasateko Herri Segurtasunerako arduradun Jose Luis Etxebarria Porru-k.

Arrasateko Udaleko Herri Segurtasunerako arduradun Jose Luis Etxebarria Porru liztor beltzaren aurka borrokan ari da aspaldian. Apirila eta maiatza "hilabete oso garrantzitsuak" direla dio: "Habia bakoitzean sortzen diren erreginei tranpak jarri behar zaizkie, normalean lur azpian edo zuhaitzetako zuloetan egoten dira negua igarotzen. Apirilean edo maiatzean irteten dira lehen habiak edo habia primarioak sortzeko". Horietan jarri behar zaizkie tranpak bereziki oraindik hutsik egoten dira-eta; Arrasateren kasuan, Olandixon, Markuleten, Epelen eta Meatz Errekan jarri dira gehienak. "Meatz Errekan erori dira liztor gehien aurten. Apiril eta maiatza artean 1.200 liztor jausi dira han. Epelen 700 bat eta Olandixon 400 bat".

Habia txikiak –primarioak moduan ezagunak– bigarren habiak –handiagoak direnak eta kentzen ez badira 3.000 liztor izatera hel daitezkeenak– 33 bat kendu dituzte aurtengo kanpainan. Azken esku-hartzea, esaterako, abuztuaren 5ean izan zuten San Juan De Dios ospitalean: "Bigarren habia zen, emergentziako eskailera baten zegoen. Ez zegoen erraz kentzeko, baina lortu genuen". Pozoia bota eta poltsa baten sartu zuten habia.

Argazkia: Liztor asiarraren habia San Juan De Dios ospitalean.

Galtzeko bidean dagoen borroka

Liztor beltzaren edo asiarraren aurkakoa "borroka etengabea" izaten ari dela dio Porru-k: "Zoritxarrez, uste dut borroka galtzeko bidean dagoela, baina horrek ez du esan nahi borroka bertan behera utzi behar denik. Ahal diren guztiak akabatu behar dira, bestela erabateko inbasioa izango litzateke". Horregatik herritarrei dei egin die edozein habia ikusiz gero Udaltzaingora deitzeko: 943 25 20 10 / 092.

"Sekulako kaltea" egiten dute bertako ekosisteman, Etxebarriak gogora ekarri duenez: "Proteina da euren elikagai nagusia, eta hemengo erlearen aurka egiten dute batez ere erraz harrapatzen dituztelako. Bertako erlea babestu beharra dago, derrigorrez. Eurek ere ikasi beharko dute baina bitartean, bertakoa babestu beharra dago".

Abuztua eta iraila oso hilabete biziak dira liztor beltzarendako: "Gaur 20-25 zentimetroko habia bat ez baduzu ikusten, bi hilabetera 80-90 zentimetrokoa izan daiteke. Hor barruan 3.000 liztor egon daitezke". Iaz kanpaina abenduaren 22an amaitu zuten eta aurtengoa apirilean hasi zen. "Negua leuna bada, lehenago irteten dira", gaineratu du Etxebarriak.

Argazkia: Liztor beltzaren habia bat Kulturola eraikinean –Zerrajerako erlojuaren eraikina–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak