Markel Olano: "Gipuzkoako gehiengoaren borondateari bide emango diogu Zubietako erraustegiarekin"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko uzt. 27a, 12:40

"Historikotzat" hartu du Diputazioko gobernuak gaurko eguna, uztailaren 28a. Izan ere, Zubietan eraikiko den Ingurumen Gunea lizitatuko dute gaur. Lau azpiegitura eraikiko dira eta horien kudeaketa adjudikatzeko pleguak aterako ditu Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK).

Aurkakoen moratoria eskaeraren aurrean, diputatu nagusiak nabarmendu du erabakiak "zilegitasun demokratiko osoa" duela: "Gutxiengoaren iritzia kontuan hartu behar bada ere, gipuzkoarren gehiengoaren borondateari bide emango diogu Zubietako erraustegiarekin. Hondakinen arazoa konpontzeko konpromisoa hartu genuen eta agindutakoa betetzen ari gara".

"Azken generazioko" azpiegiturak

Gaur, uztailak 28, egingo dute bilera Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioan (GHK), eta han onartuko dituzte Gipuzkoako hondakinak tratatzeko azpiegituren kudeaketarako pleguak. Gipuzkoako Ahaldun nagusi Markel Olanok eta eta Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok prentsa agerraldia egin dute gaur, biharko erabakiaren nondik norakoak azaldu eta erraustegiarekin aurrera jarraitzearen erabakia azaltzeko. "Azken generazioko" azpiegiturekin, ingurumen arazo bati konponbidea emango zaiola adierazi du Olanok, besteak beste.

Lanak datorren urtearen hasieran martxan

Era berean, Ingurumen Diputatuak azaldu duenez, lanak bi fasetan egingo dira, eta bihar lizitatuko dena lehen fasea izango da, hau da, erraustegiarena. Proposamenetarako 60 eguneko epea irekiko dute eta azaroan egingo da adjudikazioa. Lanak, berriz, datorren urte hasieran abiaraziko dituzte. Lanek 217 milioi euro aurrekontua dute; enpresa pribatuei esleituko zaie. Prentsa agerraldian aurreratu dutenez, UTE bat izango da –aldi baterako elkartzen diren zenbait enpresa– gunearen kudeaketaz arduratuko dena, betiere GHK-rekin elkarlanean. Kontzesio-epea 35 urtekoa izango da.

Europako herrialde aurreratuen "ispilu"

Hondakinen tratamenduan Gipuzkoa "Europako herrialde aurreratuenen ispilu" izango dela esan du Asensiok: "Zero zabortegi. Azpiegitura honekin zabortegiekin amaituko dugu. Zabortegien ereduari heltzea atzera begiratzea da". Zubietako ingurumen gunearekin "arazoa aukera" bihur daitekeela ere gaineratu du Asensiok, zuzenekoak eta zeharkakoak kontuan hartuta 180 lanpostu sortuko direla gogora ekarri ostean. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak