Herrietako negozioei euskaraz sareratzen laguntzeko elkartu dira Tokikom eta PuntuEus

Eneko Azkarate 2016ko uzt. 22a, 08:22
Tokikomeko eta Puntu.Euseko ordezkariak hitzarmena sinatzeko unean.

PuntuEus domeinua kudeatzen duen irabazi asmorik gabeko izen bereko Fundazioak eta Euskal Herri osoko euskara hutsezko 60 komunikabide batzen dituen Tokikom enpresak –Goiena kide da­­– akordioa sinatu dute, euskarak interneten duen presentzia elkarlanean areagotzeko, domeinuaren zabalkundea sustatuz Tokikomeko bazkideen bidez.

Merkatari txikientzako erraztasunak

Akordioaren lehen emaitza herriz herriko merkatari txikiei zuzendutako ekimen berezia da. Kanpaina horri esker, PuntuEusek eta Tokikomek erraztasunak emango dizkiete merkatariei interneten presentzia izateko, toki komunikabideen gida komertzialen bidez.

Hala, gida komertziala martxan duten toki komunikabideek aukera eskainiko diete merkatariei, PuntuEus domeinu-izen bat 15 euroan erosi eta/edo berritzeko, gida komertzialeko haien orriarekin lotzeko. Domeinuon merkatuko prezioa 50 eurotik gorakoa da gaur-gaurkoz.

Tokikomeko zuzendari Alaitz Artolazabalek azaldu duenez, "Tokikomek tokian tokiko eragileetan ditu bere erroak, eta konpromiso sendoa du tokiko eragileekin. Herrietako dendari txikiak toki komunikabideen aliatu naturalak dira, eta guretzat poz handia da denda txikiei internetera salto egiteko laguntza eskaini ahal izatea".

Josu Waliñok, PuntuEus Fundazioaren zuzendariak, azpimarratu du akordio honek eragin bikoitza izango duela: "Dendari txikien presentzia digitala PuntuEus domeinuen bidez bultzatuz, euskararen esparru digitala ere hedatuko dugu. Tokikomeko bazkideek osatzen duten sare zabala horretarako baliatzea oso emankorra izango da gure ustez".

Aitzindariak Zumaian, Soraluzen eta Debagoienan

Behin hitzarmena sinatuta, toki komunikabideak berehala hasiko dira eskaintza honen berri ematen tokian tokiko dendariei. Momentuz, Zumaiako Baleike.eus, Soraluzeko Plaentxia.eus eta Goiena.eus agerkariak izango dira aitzindariak, baina laster batuko zaizkie beste batzuk ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak