Aldundiak 1.120.000 euro bideratuko ditu landa garapeneko programak bultzatzeko

Leire Kortabarria 2016ko uzt. 21a, 15:04

Diputatuen Kontseiluak oniritzia eman zion martitzeneko bilkuran Landaolarekin -Gipuzkoako Landa Garapeneko Elkarteen Federazioa- 2016-2017 ekitaldian zehar landa garapeneko programak gauzatzeko sinatuko den elkarlan hitzarmenari. Horretarako, 1.120.000 euroa jasoko du Landaolak (Behemendi, Deba-Garaia, Debemen, Goimen, Tolomendi eta Urkome elkarteak biltzen dituena).

Ia Gipuzkoako lurralde osoa mendi alde edo alde kaltetutzat jotzen da. Europako Batasuneko araudiaren arabera, mendi alde deitzen zaie lurraz baliatzeko aukerak erabat murriztuta edo lurra lantzeko kostuak nabarmen garestiak dituzten lur sailei.

Hori horrela, Aldundiak ezinbestekotzat jotzen du, landa alde horiek garapen osoa izan dezaten, dagozkien neurriak hartu eta jarduera programak martxan jartzea, ondoko helburuak dituzten alor askotako ekintzak aurrera eramanez: azpiegiturak, hornidurak eta oinarrizko zerbitzuak sortu eta hobetzea (edateko ura, telekomunikazioak, eskola garraioa, e.a.); kalitateko bertako produktuak merkaturatzea; lana eta diru sarrerak gehitzearren landa aldeetan jarduera motak ugaritzea; balio historiko eta artistikoa, etnografikoa edo kulturala duen landa aldeko ondarea babestea; eta, azkenik, baserri giroko turismoa eta eskulangintza bultzatzea.

Hori guztia Foru Gobernuaren helburu estrategikoetako batekin uztartzen da: Lurralde Orekarekin. Eskualde eta tokiko mailan ere, Gipuzkoa kohesionatu, lehiakor eta aurreratua eraikitzen jarraitu nahi du Aldundiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak