Ordainsaria edota segurtasuna, herritarren kezkak Antzuola-Bergara errepidearen inguruan

Maite Txintxurreta 2016ko uzt. 21a, 10:48

Deskargako errepidearen azken zatiari buruzko bilera irekia egin zuten atzo Torresoroako aretoan. Bertan izan ziren Foru Aldundiko ordezkariak eta Antzuola zein Bergarako alkateak. Herritarrek euren galdera eta kezkak plazaratu zizkien.

Eguaztenean aurkeztu zuten 2017ko urtarrilean martxan jarriko duten proiektu berria, Antzuola eta Bergara arteko lotunea. Hirurogei herritarretik gora bildu ziren Torresoroan.

Lehenik eta behin, aldundiko ordezkariek proiektuari buruzko azalpenak eman zituzten. Hala, Aintzane Oiarbidek, Bide Azpiegitura diputatuak azaldu zuen Antzuola-Bergara eremuko lurrak oso ezegonkorrak direla,mugimenduan daudela, eta "magal bakoitzean arazo bat" topatu dutela. Hain zuzen, proiektu berri bat aurkeztearen beharra hortik etorri dela azaldu zuen. Izan ere, lanek zirauten bitartean, lur jausiak izan ziren; ondorioz, proiektu berri honetan "azterketa geotekniko sakona" egin dute, eta lurrak drainatu eta ezpondak egonkortu egin behar izan dituzte.

Oiarbidek esan zuen lotunearen obren baitan, gaur egungo Antzuola eta Bergara arteko errepidea "hobetu"  eta "segurtasuna handiagotu" egingo dela. Era berean, nabarmendu zuen behin lanak bukatuta errepide horretan eta, beraz, Antzuolako herrigune ondoko bidean eguneroko trafikoa 11.000 ibilgailutatik 1.000 ibilgailutara murriztuko dela, eta horrek "bizi kalitatearen hobekuntza" ekarriko duela herrira.

Ordainsariari buruzko kexak

Herritarren galderen txandan batek baino gehiagok adierazi zuen desadostasuna errepide berrian ordainsaria jartzearekin. Hala, salatu zuten Antzuola izan dela "obra hauek gehien pairatu dituen herria", eta ondorioz, "konpentsazioa" izan beharko luketela.

Kritikatu zuten Antzuolatik Urretxu-Zumarraga aldera joateko herritarrek ordaindu beharra, eta horren alternatiba bakarra Deskargako errepide zaharra izatea, "askoz ere okerragoa eta arriskutsuagoa" dena. Zentzu horretan, beste herritar batek zioen "justuena" errepidea "gipuzkoar guztien artean ordaintzea" litzatekeela.

Horri erantzunez, Oiarbidek adierazi zuen oraindik ez dagoela zehaztuta zein izango den ordainsari horren prezioa, eta nabarmendu zuen Abiatu sistemaren baitan sartuko dela, Gipuzkoako autobideetako deskontu planaren barruan, hain zuzen.

Lur mugimenduen gaineko kezka

Herritarrek plazaratutako beste kezka bat lurraren egonkortasunaren ingurukoa zen. Hala, esaterako, emakume batek nabarmendu zuen aurreko proiektua aurkeztu ostean luiziekin eta mugimenduekin arazoak izan baziren, "ea oraingoan ez den berriro gertatuko". Oiarbidek erantzun zion geologia ez dela "zientzia zehatza":"bermea ezin daiteke %100ekoa izan", esan zuen; hala ere, azpimarratu zuen "puntako adituak" eta "azterketa sakonak" egin dituztela.

Aurrekontua ere izan zuten hizpide Torresoroan bildutako herritarrek. Galdetu zuten esaterako, ea "hasieratik" azterketa sakon hori egin izan bazen, ez ote zen bukaerako kostua baxuagoa izango. Izan ere, irailean aurkeztutako aurrekontua 33 milioikoa zen, baina ikerketa prozesua egin ondoren, Diputazioak lehiaketarako aurkeztu duena 45.885.940 eurokoa da.

Horri lotuta, adituek esan zuten lanek zirauten bitartean agertu zirela lur "zailak", eta orduan sortu zela arazoa. "Gune bolkanikoa, kareharria edota tuparria bezalako harri mota ezegonkorrak" aurkitu zituztela goi partean, eta "terreno aldaketa asko". Horrekin batera, lurreko urak eragiten duen mugimenduaren arazoa nabarmendu zuen.

Bidegorria

Oiarbidek jakinarazi zuen proiektuaren baitan Antzuola eta Bergara lotuko dituen bidegorria ere egingo dutela, baita uraren kolektorea ere. Hala, fase honetan Antzuolako biaduktutik Igeri ingururainoko zatia egingo dute, 2019. inguruan bukatuko dena, errepide berriarekin batera. Ondoren, Bergaran, Urteaga inguruan egingo duten bidegorriarekin konexioa egingo dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak