San Juan jaiak 2016

Goikobalu eta Anne Etchegoyen batera

Xabi Gorostidi 2015ko uzt. 10a, 13:35

Goikobalu abesbatzak eta Anne Etchegoyenek San Juan eguneko gaua girotuko dute. Arrasateko abesbatzak aspalditik zeukan San Juan jaietan abesteko nahia, eta, aurtengoan ez ezik, jaietako egitarauan urtero tartetxo bat izatea gustatuko litzaiekeela adierazi du Jose Antonio Barriocanalek, Goikobaluko presidenteak.

"Batzar orokor batean, herrian gutxi abesten zutela komentatu zuen partaide batek. Zurrumurruak heldu zitzaizkigun herriarentzat gutxi abesten genuela esaten zutenak. Udaletik jasotzen duguna baino gutxiago ematen diogula herriari, alegia. Egia esan, Arrasaten nahi baino gutxiago abesten dugu. Apirilean Arrasate Musikaleko orkestrarekin egiten dugun kontzertuak oso harrera ona izaten du urtero, eta, hori ikusirik, herrian ekintza gehiago egiteko gogoz geunden", adierazi du Jose Antonio Barriocanalek, Goikobaluko presidenteak.
Hori dela eta, duela sei edo zazpi urte hasi ziren San Juan  jaietan abestea gustatuko litzaiekeela adierazten. "Guk beti eskertu izan dugu Udalak urtero eman izan digun diru laguntza, eta hori herriari nolabait itzultzeko beharra sentitzen genuen. Horretarako, hobekien egiten dakiguna egitea zen gure helburua; hau da, abestea".
Beraz, aurretik euren borondatea erakutsi arren, aurtengo jaietan euren helburua beteko dute. Anne Etchegoyen abeslari lapurtarrarekin batera elkarbanatuko dute Monterrongo agertokia.
Kontzertu berezia izango da. Hasieran nor bere aldetik arituko den arren, azken hiru abestietan bat egingo dute.
Gaur egun, teknologia berriei esker distantziara entseatzea posible izan arren, entsegu pare bat egingo dituztela jakinarazi du Barriocanalek: "Kontzertu egunean bertan, goiz eta arratsaldez entseatzea da gure helburua. Annek, normalean, gizonezko koru baten laguntza izaten du. Hala ere, gurekin batera abesteko ez du abestien tonua moldatu. Aurretik partiturak jaso ditugun arren, entsegu bat egin ondoren hobeto aterako delakoan gaude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak