San Juan jaiak 2016

Zaldibarko lehengo pilota partiduak

Xabi Gorostidi 2015ko mar. 5a, 13:02

San Juan jaietan badaude urterik urte errepikatzen diren ekintza arrakastatsuak. Zezenketak, su artifizialak eta danborrada dira horren adibide. Baina badaude garai batean arrakasta izan arren gaur egun jada ospatzen ez diren ekintza batzuk, Zaldibarren jokatzen ziren pilota partiduak kasu.

1988an antolatu zituzten lehen aldiz eta 1997an egin zuten azkena, Zaldibarko herri bazkariaren azken edizioarekin batera. Francisco Mateos Txikuri, Agustin Ibarluzea Txispas, Agustin Beitia Xipri, Jose Angel Langa Txikito de Beneras, Reyes Azkoitia, Irazola, Isturitz...  profesionalak ez izan arren, ikuskizun aparta eskaintzeko gai ziren pilotari hauek. Lagun artean eta giro umoretsuan antolatutako partiduak izaten ziren eta Zaldibarko frontoia jendez betetzea lortzen zuten. Lehen laurak batu ditugu, garai hartako bizipenak gogora ekartzeko.  

Pilota eta jaia batu

1987a zen eta Txispas-ek eta Txikuri-k desafioa egin zuten pilotan. Txispas-ek argi eta garbi galdu zuen apustua, eta, gorputz txarra geratu arren, errebantxa gogoz geratu zen.
"Garai hartan hiru Habanos pakete eta bi Farias erretzen nituen egunero. Amorruz beteta geratu nintzen partidu hura galdu ostean, eta, Txikuri-ri irabazteko gogoak eraginda, erretzeari utzi nion. Gaur egun, kalkuluak eginez gero, egunero 15 euro aurrezten ditut ez erretzeagatik; beraz, harro esan dezaket pilotari esker aberastu egin naizela". Beraz, mendekua hartzeko partidu horren bueltan, zerbait berezia prestatzea polita izan zitekeela pentsatu zuen Txispas-ek.
Garai hartan jaietako zinegotzia zen. San Juan jaietako azken egunean, herri bazkaria egiten zen Zaldibarren, eta, jende asko pilatzen zela baliatuta, partidua bertan egin zitekeela pentsatu zuen. "Partiduari bizitasun handiagoa emateko, udaletxean hasi eta Zaldibarreraino paseo moduko bat gehitzea pentsatu nuen. Jendea erakartzeko eta jai giroan egiteko, musika bandaren laguntza izango genuen. Horrela, kuadrillek ere parte hartzea lortu genezakeela pentsatu nuen".
Eta halaxe egin zuten. 1988an lehen aldiz antolatu zituzten pilota partiduak. Jai giro apartean egin zituzten eta dena ondo atera zen.
Hainbat ziren arrakasta lortu izanaren arrazoiak, baina garai hartako protagonistek argi dauzkate. "Garai haietan diru gutxirekin herriaren gustukoak ziren gauzak egiten genituen. Txarangarekin eta umore apur batekin, jende asko batzen zuen ikuskizuna antolatzea lortzen genuen. Rosi Otadui Katanga erizain mozorrotzen zen eta pilotariei pultsua-eta hartzen zigun partidua hasi aurretik. Oso dibertigarria zen eta umore puntu horrekin jendeak ondo pasatzea lortzen genuen", azaldu du Jose Angel Langak.
Diru kontuak edo apustuak tarteko zeuden galdetuta, ez dira ados jarri. Langak apusturik ez zegoela esan arren, noizean behin diru kontuak edo afariak jokatzen zituztela esan du Txikuri-k.
"Afariren bat edo beste jokatu izan dugu gure artean, partiduari bizigarri handiagoa emateko, baina, batez ere, ikusleen artean egoten ziren apustuak".
Txikuri-k berak beste garai batzuk zirela azpimarratu zuen. "Garai hartan, jendea gehiago inplikatzen zen. Egia esan, aisialdirako aukera gutxiago zegoen, eta ekintza bakarraren inguruan jende gehiago pilatzen zen. Orain, jendea indibidualistagoa da, diru gehiago dauka eta beste interes batzuk ditu. Gu gazteak ginenean frontoian sartuta pasatzen genuen denbora. Ez zegoen apenas telebistarik, ez beste aisialdirik, eta futbolean edo pilotan jokatzen denbora luzea pasatzen genuen. Lanetik abisatu gabe irtetera heltzen ginen pilotan jokatu ahal izateko".

Gurea frontoiko hazia 

Pilotaren inguruko zerbaitek arrakasta izateak badu bere azalpena. Arrasaten betidanik izan da kirol horrekiko afizioa, eta, gaur egun indarra galdu duen arren, orduan oso errotuta zegoen kirola zen. Horrela azaltzen du Txikuri-k. "Arriarandarrek, Zurditok eta konpainiak jokatzen zuten garaietatik hona, gauzak asko aldatu dira. Garai haietan, Gureako frontoi-zinean aritzen ginen. Bertan ematen genituen orduak, eta bertako kantxeroa zen Jose Luis Elustondo Txepas zoratu egiten genuen. Ni hamasei urterekin etorri nintzen kanpotik Arrasatera, eta garai haietan integrazioa ez zen kontu erraza izaten. Baina, nire kasuan, esan beharra daukat pilotari esker integrazioa askoz errazagoa izan zela niretzako. Afizio horren bueltan lagun asko egiteko aukera izan dut".
Esan bezala, gaur egun Amaia antzokia dagoen tokian zegoen Gurea frontoi-zinea. 1963ra arte bi erabilera horietara bideratzen zen, baina Udalak zinera bideratzeko asmoa zuen. Urte hartan Iturripeko futbol zelaia eta frontoia eraiki zituztenez, Gurea eraikina esklusiboki zinera bideratzea erabaki zuten orduko agintariek. "Interesak zeuden eraikin horretatik frontoi-zaleak ateratzeko. Hala ere, gureari eutsi genion eta ez genuen amore eman. Iturripe berrira eraman genuen gure afizioa eta jende mordoa batzen zitzaigun pilotarekin eta bertako giroarekin gozatzera. Eta begira, urte mordoa pasa diren arren, gaur egun ere horrela izaten jarraitzen du", azaldu du Txikuri-k.

Reyes Azkoitiak eta Jose Angel Langak makina bat partidu jokatu zituzten elkarren aurka Euskal Herriko hainbat txokotan. "Lehia oso parekatuak ziren eta jendea erakartzea lortzen genuen. Gogoratzen dut, behin, Berrizen jokatu genuela. Bertan zebilen Pablito Berasaluze, eta, oker ez banabil, orduan hamahiru urte zituen. Reyesen aurkakoa amaitzerakoan, beraren aurka jokatzeko aukera izan nuen. Aitortu beharra daukat, gutxigatik bada ere, berak irabazi zuela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak