Mikel Olabe: "Datorren urtera begira mobilizazioak areagotuko ditugu"

Xabi Gorostidi 2016ko eka. 17a, 11:26

Ordainduk Ohiko Batzar Orokorra egin zuen atzo, Amaia Antzokian. Galdutako aurrezkiak berreskuratzeko  prozesu juridikoaren xehetasunak aipatu zituzten. Bergarako epaitegiak 2017ko urtarrilaren 17an finkatu du epaiketa aurreko entzunaldia.

Ordaindu plataformak Ohiko Batzar Orokorra egin zuen atzo goizean eta 300 lagun baino gehiago bildu ziren bertan. Lehenik eta behin, aurreko batzar orokorreko akta onartu zuten aho batez. Jarraian gai juridikoen atala izan zuten hizpide.

Ordaindukoek euren aurrezkiak berreskuratzeko prozesu judiziala irekitzea erabaki zuten. Horretarako, Donostiako Sunion Abogados bufetea aukeratu zuten, Errealaren hartzekodunen konkurtsoan eta Alfa enpresaren itxieran zeukaten esperientziagatik.

Raul Tenes abokatuak prozesu juridikoaren egungo egorea azaldu zuen.

"Gure aldetik demandaren idazkia aurkeztu genuen, eta Mondragon Korporazioak demanda hori erantzuteko idazkia ere aurkeztuta dauka. Horren aurrean, Bergarako epaitegiak 2017ko urtarrilaren 17an ezarri du epaiketa aurreko entzunaldia egiteko eguna. Epaiketaren bista aurretiko tramite bat izango da. Alde bakoitzak bere argumentuak eta frogak jarriko ditu mahai gainean eta epaiketarako data ezarriko da" azaldu du Tenesek.

Mondragon korporazioak enpresaren bideragarritasunari buruzko informazio faltsua zabaldu zuela argudiatuko dute. Bazkideek euren aurrezkiak mantentzeko mezua jaso zutela frogatzea da euren asmoa.

"Fagorren hartzekodunen konkurtsoa baino bi urte lehenago, Korporaziotik bazkideei helarazitako mezu faltsuan oinarrituko dugu salaketa. Aurrezkiak enpresan sartuta zituzten bazkideei bereziki bidalitako mezua zabaldu zuten. Fagorren krisia iragankorra eta bideragarria zela esan zieten, horretarako euren aurrezkiak bertan mantentzea funtsezkoa zela azpimarratuz".

"Argi daukagu gure egoeraren erantzuleak Mondragon Korporazioa eta Eusko Jaurlaritza direla. Lehena, Fagor Etxetresnaken zorra finantzatzea posible zela esateagatik, eta bigarrena, gure egoeraren aurrean ezer ez egiteagatik" adierazi zuen Mikel Olabek, Ordainduko bozeramaileak.

Datorren ekitaldirako alderdi politikoekin elkartzeako asmoa dute, beraien egoeraren inguruan esateko dutena entzuteko. Horretaz gain, mobilizazioak areagotuko dituztela esan zuen Olabek.

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak