Herri galdeketa

Ondo zehaztutako prozedura domekako botoen kontaketarako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko eka. 3a, 12:55
Ezkerrean, zenbait herritar boto aurreratua emateko ilaran eguaztenean, Arrasateko Erain Debagoienaren lokalean; eskuinean, domekako herri galdeketarako boto-paperak.

Domekako herri galdeketa "ahalik eta era egokienean eta garbienean" egiteko, Gure Esku Dago dinamikak onartutako Herri galdeketen protokolo markoa hartuko dute aintzat Erain Debagoienako kideek, bertan jasotzen diren "printzipio, ezaugarri eta betekizun guztiak" errespetatuz.

Hauteslekuak 09:00etan ireki eta 20:00etan itxiko dira. Debagoienean eta Aramaion bizi diren herritarren %10a baino gehiagoren sinadurak bermetzat hartuta, "lan handia" hartu du Erain Debagoienak galdeketa bera eta osteko botoen zenbaketa prestatzeko.
Hau da, galdeketa "ahalik eta era egokienean eta garbienean" egiteko, Gure Esku Dago dinamikak onartutako Herri galdeketen protokolo markoa hartuko dute aintzat, bertan jasotzen diren "printzipio, ezaugarri eta betekizun guztiak" errespetatuz. 

Bermea, batzordez batzorde

Herri galdeketak "berme juridikoa" izan dezan, batzorde ezberdinak sortu ditu Erain Debagoienak: Berme Batzordea, Jarraipen Batzordea, Begiraleak eta Galdeketa Mahaiko Kideak. Berme Batzordea, legelariek, politologoek edota hauteskunde-prozesuetan "eskarmentua" duten pertsonek osatzen dute eta euren egitekoa izango da galdeketaren "gardentasuna, neutraltasuna eta prozesuaren objektibotasuna" bermatzea.

Egiteko zehatzen artean izango dituzte honako hauek, besteak beste: kontsultako protokolo orokorra gainbegiratzea eta onartzea, galdeketaren emaitzak aldarrikatzea, kanpainaren gardentasuna egiaztatzea eta kanpainan galdeketaren egunean eta ondoren aurkezten diren idatzizko ohar, alegazio edota erreklamazioak ebaztea, eta bozketako dokumentazioa suntsitzen dela egiaztatzea.

Bestalde, Jarraipen Batzordea herrian ospe handia edo herritarrek parte hartzeko prozesuetan "eskarmentua" dutenek osatuko dute. Euren zeregin nagusia Berme Batzordeari laguntzea izango da. Esaterako, mahaietan egon nahi duten irabazi asmorik gabeko elkarteetako edo eragile politiko, sozial zein ekonomikoetako ordezkarien akreditazioak egiaztatu beharko dituzte eta baita ordezkari horiek artatu ere.
Horiekin batera Begiraleak egongo dira, independentziaz arituko diren prestigiozko pertsonak.

Herrikoak bertakoak, Euskal Herrikoak, espainiar estatukoak edo estatu kanpokoak izan daitezke. Galdeketaren "gardentasuna eta garbitasuna" egiaztatzea izango da horien zeregina, eta, zehazki, galdeketa herri-galdeketei aplikatzen zaizkien estandar orokorren arabera gauzatu dela egiaztatzea.

Azkenik, Galdeketa Mahaiko Kideak egongo dira, mahaiburua eta bi laguntzaile; ordezkoak ere izan ditzakete, izendaturiko titularrek halabeharrez ezin dutenerako. Hiru kide horien egiteko nagusia izango da herritarrei botoa ematen laguntzea, botoak jasotzea eta zenbatzea.

Horrez gain, beste zeregin batzuk ere izango dituzte, besteak beste, mahaia eratzea, botoaren izaera sekretua bermatzea eta boto-emaileen zerrenda osatzea eta zaintzea.

Protokoloa: zenbait xehetasun

Botoen kontaketak protokolo zehatza jarraituko du. Hainbat puntu jasotzen ditu protokolo horrek, eta horien artean honako hauek nabarmendu daitezke: bozketa amaitzean aurrez botoa eman dutenen gutun-azalak boto-kutxan sartuko dira; botoen kontaketa jendaurrekoa da eta ezingo da gelditu boto guztiak zenbatu arte; eta mahaiburuak berehala kanporatuko ditu botoak zenbatzeko trabak edo nahasteak eragiten dituzten pertsonak.

Izan ere, botoen zenbaketaren aurka kexarik balego, mahaikideen gehiengoz hartuko da erabakia eta Berme Batzordearen irizpidea eskatuko eta jarraituko du mahaiak. Gainera, kontaketa amaitu eta emaitza egiaztatutakoan, boto-paperak suntsitu egingo dira, boto baliogabeak eta erreklamazioren baten xede izan direnak izan ezik –kasu horietan, mahaiko kideek sinatu egingo dituzte boto-paper horiek, eta bilkura-aktari erantsiko dizkiote–.

Amaieran, mahaiburuak bozketaren emaitzaren berri emango du eta mahaiko boto-zenbaketaren aktan jasoko du –akta horretan jasoko dira eguneko gorabeherak ere–. Honako datu hauek jakinaraziko ditu mahaiburuak: boto-emaileen kopurua, boto zurien kopurua, boto baliogabeen kopurua eta erantzun bakoitzak –bai ala ez– lortu dituen botoen kopurua.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak