Iruzur fiskalaren aurkako araudia aurkeztu du Ogasun eta Finantza departamentuak

Leire Kortabarria 2016ko mai. 27a, 15:47

Iruzur fiskalaren aurkako etengabeko hobekuntza prozesuan aurrerapauso bat aurkeztu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak. Nazioarteko erakundeetan adostutako akordioei jarraituta, Ogasun eta Finantza departamentuak lurraldeko arauak egokitzeko prozedura jarri du martxan. 

Alorreko diputatuak, Jabier Larrañagak, aldaketa tekniko hauen balio kualitatiboa azpimarratu du, eta nazioarteko araudiarekin bat etortzearen garrantzia nabarmendu. “Nazioarteko Erakundeen arteko elkarlanak eraginkorragoak egiten gaitu zerga ihesaren aurkako borrokan”, adierazi du.

Larrañaga Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordean agertu da gaur, aldaketa hauek biltzen dituen Foru Arau aurreproiektua aurkezteko. Neurriak Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) baitan hartutako akordioak eta Europako Batasuneko zenbait zuzentarau eta epaietara egokitzen du Gipuzkoako araudia. Larrañagak gogoratu duenez, iruzur fiskalaren aurkako lana “estrategikoa” da Foru Aldundiarentzat eta 2016ko Zerga Egiaztapenerako Planaren markoan daude aldaketak.

Jabetza intelektualetik datozen errentak murriztu egingo dira

Iruzur poltsak murrizteko estrategia horretan, Larrañagak ELGAren baitan jorratutako BEPS proiektuaren garrantzia azpimarratu du, “nazioarteko zerga iruzurrari aurre egiteko oinarrizko erreminta”.

Testuinguru honetan kokatzen da patent box delako araubidearen moldaketa. Jabetza intelektual edo industrialaren esplotaziotik lortutako errentak murriztera dator arau hori. Helburua zergadunak hartzen duen hobaria benetan egin dituen jarduketengatik jasotzea da.

Bestalde, Gipuzkoako araudia herrialdez herrialdeko informaziora ere egokitzen da. Neurri honen bitartez, enpresa multinazionalak behartuta egongo dira, urtero, egoitza duten herrialde bakoitzean izan dituzten diru-sarreren eta ordaindutako zergei buruzko informazioa ematera.

Aldaketa hauek uztailaren 1ean sartuko dira indarrean, horrela aurreikusten baita nazioarteko akordioetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak