Xabi Llodio: "Gaur egun bizitzen ari garen langabezia eta prekarietate tasak ez dira normalak"

Eneko Azurmendi 2016ko mai. 26a, 16:13

Hilabeteko azken ostegunetan Deba bailarako herri desberdinetan egin ohi duen bezala, LAB sindikatuak euskal preso eta iheslarien aldeko elkarretaratzea egin du gaur Oñatin eta elkarretaratze hori baliatuta, zapatuko manifestaziorako deia luzatu du.

Datorren zapatuan, maiatzaren 28an, Langileok bideak batuz! lemapean Bilbon egingo den manifestazio nazionalerako deia luzatu du LAB sindikatuak. Xabi Llodio sindikatuko kideak nabarmendu du Euskal Herrian ematen ari den prekarietatea salatzea dela manifestazio horren helburu nagusia, baina ez direla salaketa hutsean geldituko, eta alternatiba zehatzak exijitzeko manifestazioa ere izango dela.

"Gaur egun bizitzen ari garen langabezia eta prekarietate tasak ez dira normalak. Ezin dugu normaltzat hartu lan munduan daukagun prekarietate maila. Langabeziak miseria dakar baina gaur egun lan bat izateak ere ez gaitu pobreziatik libratzen", azaldu du. "Kontua da sortzen den aberastasuna geroz eta esku gutxiagotan geratzen ari dela pobrezia eta bazterketa soziala areagotzen ari dela", gaineratu du.

"Laister 10 urte beteko dira krisiaren aterkipean murrizketak eta austeritate politikak aplikatzen hasi zirenetik eta guk egiten dugun irakurketa da krisi hori edo prekarietate egoera hori gure artean mantentzeko etorri dela", dio Llodiok. "Ongizate Estatua deiturikoaren oinarriak pitzatzen hasi dira dagoeneko. Lehen askiezak ziren prestazio sozialak eta babes sozialerako mekanismoak guztiz txikitu dituzte eta orain sistema berregokitzen eta sistema bera indartzeko maniobrak egiten ari dira", adierazi du.

Llodioren ustez, alternatibak dira lan munduan 1.200 euroko gutxieneko soldatak eta 35 orduko lan astea aplikatzea.

Manifestazioa 17:30ean izango da, baina ez da ohiko manifestazio bat izango, lau zutabetakoa baizik. Gipuzkoarrak Zubiartetik abiatuko dira.

Debagoienetik autobusez joateko aukera egongo da. Arrasaten, Garibaiko geltokian irtengo da, 16:00etan. Ondoren, Oñatitik pasatuko da 16:10ean eta 16:20 inguruan Bergaratik pasako da. Hortik Bilboranzko bidea hartuko du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak