3. mailako azterketaren aurkako elkarretaratzeak deitu dituzte biharko

Xabi Gorostidi 2016ko mai. 26a, 15:22

Duela gutxi sortu den Debagoienako Hezkuntza Bilguneak deitu elkarretaratzeak, bihar 17:00etan, Debagoieneko herri guztietako plazetan. Gure Hezkuntza, Lomce eta Heziberri ez lelopean, Lehen Hezkuntzako 3. Mailako azterketarekiko desadostasuna agertzeko asmoz batuko dira herriz herri.

 

Debagoieneko hamahiru ikastetxetik hamabik, Heziberri 2020 planak lehen hezkuntzako 3. mailan ezartzen duen proba diagnostikoari planto egitea erabaki zuten. Horretaz gain, Debagoieneko Hezkuntza Bilgunea deitutako plataforma sortu zuten era honetako lege aldaketen aurrean kolektiboki erantzuteko.

Pasa den egubakoitzean Bilgunearen bigarren batzarra egin zuten Aretxabaletako Arkupe aretoan. Proba diagnostikoak egiteko epea agortzear dagoela ikusita eta 3. mailako ebaluazioko azken astea dela baliatuta, biharko elkarretaratzeak deitzea adostu zuten.Bertan parte hartzeko deia herritar guztiei zabaltzea nahi dute Bilguneko kideek.

Elkarretaratzetan talde argazkiak aterako dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoan planto egitea erabaki duten beste 166 ikastetxeekin batera argazki bilduma bat osatzeko asmoz.

Debagoieneko Hezkuntza Bilgunea bailarako ikastetxe ezberdinetako hezkuntza komunitateek osatutako plataforma da, eta hezkuntzaz arduratzen diren eragile zein herritar guztiei zabalduta dago. Kolektiboki erantzuteko helburuaz gain, herriari hezkuntzarekin lotutako gaien kontzientzia sortzeko eta ikastetxe guztien artean ekintza bateratuak egiteko asmoarekin ere jaiotako bilgunea da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak