Kooperatiben lege berriaren aurreproiektua onartu da, segurtasun juridikoa areagotzeko

Leire Kortabarria 2016ko mai. 24a, 17:20

Kooperatiben euskal legearen aurreproiektua onartu du gaur Gobernu Kontseiluak, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Angel Toñak proposatuta.

Arau-proiektu berriak ez du ordezkatuko gaur egungo kooperatiben euskal legearen oinarrizko egitura eta, ondorioz, ezin daiteke kooperatiba-araudiaren erabateko erreformatzat hartu –ez da kooperatiba sozietate txikien legea aldatzen-; hori bai, testu bakar batean bat-egin direnez aipatutako arau hori 1993an onartu zenetik gaurdaino egin diren aldaketak, eta egindako ekarpen eta zehaztasunak kontutan hartu direnez, testu berriak segurtasun juridikoa areagotuko du kooperatiba-sozietateen barne- nahiz kanpo-harremanetan, Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.

Araudi berriaren ekarpen azpimarragarrienak hauek dira: kooperatiba mota batzuen (etxebizitza- eta garraio-kooperatibak) lege-zehaztapena egin da, kooperatiben organo- eta funtzio-erregimenari atxiki ahal izatea bermatzeko; sektorearentzat oso garrantzitsuak diren gaiei heldu zaie, sozietatearen zorren gainean bazkideek duten erantzukizuna kasu; eta administrazioak kooperatiba-jarduerak kontrolatzeko eta sustatzeko egiten dituen lanak egungo esparru juridiko, ekonomiko eta instituzionalera egokitu dira.
Jaurlaritzak azpimarratu duenez, “Euskal Autonomia Erkidegoa aitzindaria izan zen Estatuan, 1982an osatu zuenez kooperatiben lege propioa, eta enpresa-eredu horren erreferentzia bihurtu da mundu mailan, ez soilik alderdi kualitatiboan, printzipio eta balio kooperatiboak direla eta, baizik baita kuantitatiboan ere, EAEko ekonomian duen pisuagatik”.

2.200 kooperatiba baino gehiago

EAEri buruzko datu berrienen, zehazki 2014koen arabera, 2.233 establezimenduk osatzen dute kooperatiba-sektorea, urtean 47.322 lanpostu sortzen dituztenak. Sektoreka, lanpostu gehienak, %57, zerbitzuen sektorekoak dira, %41 industria-arlokoak, %2 eraikuntzakoak eta %0,3 lehen sektorekoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak