Ordaindu eta Eskuratu plataformek beraien kasua kontuan hartzeko eskatu diote Podemosi

Eneko Azurmendi 2016ko mai. 24a, 15:44

Nagua Alba Diputatuen Kongresurako zerrendaburua izan da gaur goizean egin duten bileran, eta eskaera zuzena egin diote kaltetuen plataformek.

Ordaindu eta Eskuratu kaltetuen plataforma Podemos-Ahal Dugu alderdi politikoarekin batu da, Mondragon Taldearekin daukaten arazoaren berri emateko eta hauteskunde programan kasu hau kontutan hartzeko. "Gure asmoa alderdi politiko guztiekin egotea da. Gure eskaerak babes ditzala eskatzen diogu Podemos alderdiari", dio Mikel Olabe Ordainduko kideak.

Hauteskunde autonomikoen ostean beste bilera bat egiteko eskaera ere luzatu die Ordainduk eta Eskuratuk. Bertan, kaltetuen plataformak babesteko mozio bat aurkezteko aukera, hainbat alderdi politikok parte hartuko duten manifestazio bat egiteko aukera eta hurrengo lehendakaria izango denarekin elkarrizketa bat egiteko aukera aztertu dituzte bi aldeek.

Mikel Olabek nabarmendu du Mondragon Taldeari negoziatzera bultzatzeko eskaera dela, kooperatibek ondo funtzionatzen jarrai dezaten.

Nagua Alba diputatuen kongresurako zerrendaburua izan da gaur goizean egin duten bilerara eta kaltetuen asoziazioen azalpenak eta eskaerak arreta handiz entzun ditu. "Ordaindu eta Eskuratu asoziazioetako ordezkariekin bilera eduki dugu eta oso larria iruditzen zaigu gertatzen ari zaiena. Konponbidea argia da: dirua eta lanpostuak bueltatu behar dizkiete", azaldu du Albak.

Albak nabarmendu du eskatutakoa kontuan hartuko dutela Podemosetik eta berak pertsonalki ere, kasu honi gertuko jarraipena egingo diola ziurtatu du. "Hauteskunde autonomikoetarako gure programan eskaera hauek sartuko ditugu", onartu du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak