Prekarietatearen aurkako deialdia egingo dute sindikatuek gaur, Maiatzaren 1a

Monika Belastegi Aranzabal 2016ko mai. 1a, 09:06

Langileen Nazioarteko Eguna da gaur, domeka, eta aldarrikapenerako egun izango da beste behin. Aldarrikapenok Eibarko manifestazioan egingo ditu LAB sindikatuak, eta Bilbon eta Iruñean, berriz, ELAk.

Euskal Herria prekarietatearen aurka! leloarekin Eibarko manifestaziorako (12:00) deia egin du LABek. ELA, ostera, Bilbon (11:45) eta Iruñan (11:30) elkartuko da Gehiago balio dugu leloarekin.  

Negoziazio kolektiboa

Aurtengo maiatzaren lehenak aurpegi konkretuak dituela jakinarazi du ELAk: "Diskriminazio gero eta handiagoa pairatzen duten emakumeena; etorkizuna izateko aukera ukatzen zaien gazteena; gerratik eta miseriatik ihesi datozen milioika langileena… Edota gure herriaren aurpegia, zeinari ukatu egiten dioten oinarrizko eskubide bat: negoziazio kolektiboa". Hala, diote horiek guztiak aldatu arte Maiatzaren 1a aldarrikatzen jarraituko dutela.

Martitzenean hitzaldiak

LABeko kideek, ostera, "prekarietateak gaixotu eta hil egiten du", esan zuten Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean, Arrasaten egindako agerraldian. 2015ean 55 heriotza istripu izan zirela gogorarazi zuten, eta 2016an, dagoeneko 16 direla hildako langileak. Egoera hori irauli gura dute, eta eskatu aberastasunaren eta lanaren banaketa: "1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lan-astea; emakumeengana neurri horiek iristeko politika zehatzak; lan osasuna ziurtatzeko neurriak; eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea".

Hori horrela, hainbat ekintza egingo dituzte datozen egunotan. Gaur, domeka, Eibarko manifestaziora joango dira auto karabanan Garibai etorbidetik irtenda 10:00etan. Debagoiendar guztiak gonbidatu dituzte hara, eta batez ere, "egoera prekarioan" daudenak.

Eguaztenean, maiatzaren 4an, ostera, hitzaldia egingo dute bi herritan: Independentzia vs prekarietatea. Arrasaten, Irati elkartean izango da, 18:30ean, Jone Etxebarria gidari dela; eta Bergaran, Irizar jauregian egingo dute, 19:00etan, Joseba Permachekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak