Laboral Kutxak zerga ondorengo 110,3 milioi euroko mozkin bateratuarekin itxi du 2015a

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko api. 23a, 16:44
Laboral Kutxako lehendakari Txomin Gartzia batzarrari iazko emaitzak azaltzen.

Kreditu-kooperatibako lehendakari Txomin Gartzia pozik azaldu da iazko emaitzekin bazkideek gaur goizean Bilboko Euskalduna Jauregian egindako batzar nagusian. Etorkizunarekiko konfiantza agertu du, baina erronka garrantzitsuak ere iragarri ditu.

Laboral Kutxak zerga ondorengo 110,3 milioi euroko mozkin bateratuarekin itxi du 2015a, eta pozik azaldu da emaitzarekin Laboral Kutxako lehendakari Txomin Gartzia. Gaur goizean batzarraren aurrean egindako hitzaldian 2015eko Memoriak jasotzen dituen epigrafe nagusien berri eman du: CET1 (Common Equity Tier 1) kaudimen-maila (phased-in bertsioan) % 15,12koa izan zen abenduaren 31n; likidezia-posizioa (loans to deposits) % 88,2ra heldu zen; eta berankortasun-tasa % 7,4koa izan zen urtearen amaieran, sektoreko batez bestekoaren (% 10,2) oso azpitik.

Kreditu-kooperatibako arduradunek uste dute Laboral Kutxak oso ekitaldi txukuna egin duela. Jakitera eman dutenez baliabide bitartekotuak % 3,9 handitu dira, eta kreditu-inbertsioa joeraz aldatzen hasi da formalizazio kopuruaren igoerari esker. Hala, eta emandako datuen arabera 2015ean zehar sinatutako hipoteka-maileguen kopurua % 36 hazi zen aurreko urtearekin alderatuta, eta kontsumorako maileguen formalizazioak ere % 26 gehitu ziren. Enpresen alorrean, merkataritza-formalizazio berriak % 31 gehiago izan ziren.

Plan Estrategiko berria

Ziurgabetasunez betetako finantza-ingurune batean kokatu du Laboral Kutxak Plan Estrategiko (2016-2019) berria. Arau-eskakizun zorrotzak eta interes-tasa apalak daude iragarrita. "Gauzak horrela, oso zaila izango da emaitzak sortzea eta finantza-negozioaren errentagarritasuna lortzea", jakinarazi dute.

Testuinguru horretan kokatu du Laboral Kutxako zuzendari nagusi Julio Gallastegik 2016ko Gestio Plana. Ikuspegi kualitatibotik Laboral Kutxaren 2016ko gestioak indarra egingo du marjina errepikariaren defentsan, eta horrek "prezioen eta hazkundearen arteko oreka egokia" eskatuko du, Gallastegiren hitzetan. "Laboral Kutxaren jarduera argi eta garbi zuzenduko da enpresen eta familien beharrak asetzera: aktiboko produktuetara merkataritzaren alorrean, eta hipoteka-maileguetara etxeen alorrean", esan du.

Aseguru-eskaintza ere elementu garrantzitsua izango da finantza-erakundearen estrategia komertzialean. Azkenik, entitateak aurrerapen nabariak iragarri ditu prozesuen digitalizazioan eta garapen berritzaileetan. "Aurrerapen horiek kultura-aldaketa sakona eragingo dute, teknologiak bezeroekiko harremanetan txertatzeko".

Omnikanalitatea

Bazkideei etorkizuneko mezua adierazi die batzarraren bukaeran Laboral Kutxako lehendakari Txomin Gartziak. Konfiantzaren eta exijentziaren arteko oreka proposatu du eraldaketa digitalaren ondorioz erakundeak egin behar dituen aldaketak direla-eta.

Lehendakariak konfiantza agertu du etorkizunarekiko, baina egoera berriak dakartzan arriskuez ere ohartarazi du. “Ezin dugu utzi olatu nagusiak eraman gaitzan, argi erakutsi behar dugu nor garen, zergatik egiten dugun egiten duguna eta, batez ere, zer eginkizun bete nahi eta ahal dugun agertoki berrian”.

Kreditu-kooperatibak garai digitalean zer bereizgarri izan behar dituen azaldu du Txomin Gartziak: “Eigitalizazioa aprobetxatu eta omnikanalitatea garatu behar dugu, zalantzarik gabe, baina gure bereizgarrietan oinarrituta. Zentzu horretan, argitu du Laboral Kutxak ez duela bulegoen bidez egiten duen banaketa-eredua aldatu nahi. Gartziaren ustez, entitatearen lehiarako gakoak izan behar dute: “Gure balioak, gure profesionaltasuna eta gure espezializazioa online kanal berrietan ere jartzea”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak