goiena.eus

Egiazko Historia aldarri Elgetan

 Debagoiena  Elgeta

Iaz Euskal Herriko gudariak, milizianoak eta errepresaliatuak izan ziren Erresistenteen Egunean. Aurten, berriz, emakumeei egingo diete aitortza egun esanguratsuan; izan ere, etzi –apirilaren 24– 79 urte izango dira Espainian kolpe militarra eman zuten faxistek Elgeta okupatzea lortu zutela.

Egiazko Historia aldarri Elgetan
Domekan omenduko dituzten debagoiendarrak. | Ikusi handiago | Argazki originala

Ahazteko eskatu ziguten, eta ahaztu genuen. Iruzur egin ziguten. Frankista guztiak jada demokrata zirela ustearazi ziguten. Arrasateko Gose musika taldearen Amets Gorria kantaren estrofa horrek deskribatzen duen urteetako errealitateari buelta eman eta historia gertatu zen modura gogora dadin aldarrikatzeko, Erresistentzia Eguna egingo dute Elgetan etzi, domeka. Gerrako eta gerraosteko zuzeneko protagonistei Debagoienean aitortza egingo zaien bigarren aldia izango da domekakoa

40 emakume, guztien isla

Aurtengo honetan, Erresistentzia Eguna izena ipini dioten egunari, eta 40 emakume omenduko dituzte Elgetako plazan, horietatik sei dira debagoiendarrak –bi daude bizirik–. Omenduetako nagusienak  99 urte ditu –Isidora Casaban–, eta gazteenak 56 urte –Eli Nosellas–.  

Jasandako errepresioaren eta sufrimenduaren eta erakutsitako erresistentziaren aitortza modura, Iñigo Arregi eskultura-egile arrasatearrak beren beregi sortutako Egiaren iturria eskultura emango diete emakumeei. Hilda daudenen kasuan, senideek jasoko dute –emakumeen zerrenda eta jasandako errepresio mota edo erakutsitako erresistentzia mota, ondoko zerrendan–. "Emakumeen erresistentzia esparru ezberdinetan nolakoa izan zen irudikatzen saiatuko gara: milizianoak, laguntzaile aritu zirenak, erretagoardian erizain ibili zirenak, lubakiak eraikitzeko lan egin zutenak, espetxeratuak, torturatuak, fusilatuak, frontean edo bonbardaketan hil eta zauritu zirenak, erbesteratuak, bortxatuak, kaskamotz utzitakoak…", esplikatu du Julia Mongek, Intxorta 1937 Kultura Elkarteko kideak.

Bestalde, eskulturarekin lotuta, iazkoaren izen bera izan arren, desberdina izango da emakumeek jasoko duten Egiaren iturria: gorria izango da, eta iazkoa baino handiagoa, esplikatu du Juan Ramon Garaik, elkarte bereko kideak.

Erakundeak, memorialistak...

Hori bai, iaz moduan, aurten ere  talde eta pertsona esanguratsu ugari izango dira ekitaldian. Besteak beste, 40k emango diete eskultura emakumeei; batzuk aipatzearren: Debagoieneko udaletako (Aramaio barne) eta Elorrioko Udaleko ordezkariek; Jaurlaritzakoek, Gipuzkoako Diputaziokoek eta Bizkaiko Batzar Nagusietakoek.

Sindikatuen artean, ELA, STEILAS eta CNTko ordezkariek; Elgetako, Bergarako, Arrasateko, Aretxabaletako eta Oñatiko emakume taldeetako ordezkariek eta, besteak beste, memoria historiaren berreskuratzearen alde diharduten taldeetakoek: Intxorta 1937, Gogoan Sestao, Goldatu, Sare Antifaxista, Martxoak 3, Genocidio Donosti, Eusko Lurra, Egiari Zor eta Frankismoaren Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak.

Egitaraua

Apirilak 23, Zapatua
18:00 Bisita gidatua "Elgeta gerra garaian" 19:30 Orkestra Elektrotxaranga
22:30 Memoriaren Gaua: Perlak + Gose

Apirilak 24, Domeka
10:00 Gudari eta gonbidatuen hamarretakoa
10:30 Gudari eta milizianoen igoera
10:40 Lore eskaintza Salbadorko monolitoan
11:30 Errekreazioa Intxortako Atean 12:00 Argazkiak atera eta lubakiak ikusteko aukera
12:30 Martxa Elgetara
13:00 Herriko plazan, Emakume Erresistente eta Errepresaliatuei omenaldia Ain_1 eta Gasteizko Abesbatza Errepublikanoak parte hartuko dute
14:45 Bazkaria Elgetako Frontoian

'Egiaren iturria' jasoko dutenak

Bizirik daudenak:
IIsidora Casaban: 99 urte. Sestao. Errepresaliatua
Teresa Nadal: 98 urte. Tolosa (Okzitania). Erizaina Bilbon gerra garaian.
Pilar Gartziandia: 97 urte. Tolosa. Tolosa eta Ondarreta kartzelatan egondakoa.
Angeles Florez: 97 urte. Gijon. Saturraranen espetxeratua.
Teresa Harina: 95 urte. Gasteiz. Zornotzan espetxeratua.
Felisa Garai: 94 urte. Elgeta. Errepresaliatua.
Trini Ruiz de Alegria: 92 urte. Arrasate. Errepresaliatua eta erbestean egondakoa.
Bittori Barcena: 92 urte. Hernani. Preso politikoekin elkartasun sareko kidea.
Maria Dolores Anasagasti: 88 urte. Bilbo. Erbesteratua.
Maria Luisa Bilbao: 88 urte. Gamiz. Gerran zauritua.
Kontxi Urkijo: 85 urte. Errenteria. Erbestean egondakoa.
Mirentxu eta Mikele Agirre: 80 urte. Lizarra. Errepresaliatuak.
Maria Luisa Urra: 80 urte. Donostia. Errepresaliatua.
Tere Ponton: 80 urte. Gasteiz. Martxoak 3 Emakume Taldekoa.
Mamen Moreno: 74 urte. Bilbo. Sindikalista. Kartzelatua eta lanetik kaleratua.
Begoña Gorospe: 74 urte. Hernani. Feminista.
Arantza Amezaga: 73 urte. Iruñea. Erbestean jaioa.
Miren Clemente: 72 urte. Hernani. Lanetik kaleratua.
Arantxa Arruti: 68 urte. Zarautz. 1970ean Burgosen epaitua. Torturatua. Feminista.
Arantza Zabalegi: 68 urte. Zarautz. Gerrako alargunen laguntzailea.
Agurtzane Juanena: 59 urte. Legazpi. 1975ean torturatua.
Eli Nosellas: 56 urte. Ibarra.  1975ean torturatua.

Hildako emakumeak*:
Isabel Beritxinaga: Elgeta. Milizianoa. Bonbardaketan hildakoa.
Clara Moran: Gallarta. Milizianoa. Kanpanzarko erresistentzian hildakoa.
Kaxilda Hernaez: Donostia. Milizianoa. Feminista. Erbesteratua.
Esther Zilbergberg Estoucha: Belgika. Brigadista. Zauritua. Idazlea.
Amaia Tello: Madril. Milizianoa. Bilbon, militante klandestinoa.
Emeteri Aranburuzabala: Eskoriatza. Gerran fusilatua.
Cecilia G. Guillarte: Tolosa. Gerra erreportaria. Erbesteratua. Idazlea.
Avelina Marcos: Bilbo. Larrinagan kartzelatua. Erbesteratua.
Edurne Galartza: Oñati. Maistra depuratua. Kartzelatua eta desterratua.
Normi Mentxaka: Santurtzi. Parapolizialek hildakoa 1976an.
Norberta Ezpeleta: Bergara. Ondarretan kartzelatua. Kaskamotz utzi zuten.
Amada Morentin; Asuncion Bergara eta Felipa Pueyo: Lodosa. Kolpe militarraren ondoren fusilatutakoak.
Maria eta Eusebia Etxarri, Miranda de Arga: Iruñeko kartzelan egondakoak.
Isabel Zubia: Bilbo. Errepresaliatua.
Benita Asas: Donostia. Maistra depuratua. Idazlea. Feminista. Sufragista.

*Euren izenean senideren batek jasoko du artelana.

Erantzunak

Erantzuna | #1

Nork antolatzen du guzti hau?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa