Laugarrenez antolatu dute 'Ostegun bidaiariak' Aretxabaletan

Maite Txintxurreta 2016ko api. 12a, 16:04

Aretxabaletan laugarrenez egingo dute Ostegun bidaiariak ekimena, Udalak antolatuta. Debagoiendarren bidaia esperientziak herrian partekatzeko sortu zen ekimena.Hala, diaporama emanaldiak izango dira maiatzean eta ekainean Aretxabaletako tabernetan. Nobedade moduan, aurten ikasleen bidaiei ere lekua egingo dio ekimenak.

Udalak gonbidapen berezia egin die aurten Debagoieneko zein kanpoko ikasleei Ostegun bidaiariak ekimenean parte hartu dezaten. Modu horretan, ikasketak edo bestelako arrazoiak direla medio kanpoan izan direnek Aretxabaletako tabernetan euren egonaldien berri emateko aukera izango dute.

Egingarri diren bidaia esperientziak jaso eta kanpoko herrialdeak ezagutzeko grina piztea du helburu egitasmoak. Izena emateko epea egubakoitzean, apirilaren 15ean hasten da, eta maiatzaren 2ra arte egongo da zabalik, Udaleko gazteria sailean.

Oinarriak

Bidaia aurkezpenetan parte hartzeko baldintzei dagokienez, aurkezten dena duela bost urte baino gutxiago eginiko egonaldia izan beharko da.

Parte-hartzaileek diaporamen laburpen bat eta argazki batzuk aurkeztu beharko dituzte eta aurkeztutako lanen artean 4 izango dira aukeratuak tabernetan aurkezteko.

Aurkezpenak euskaraz egin beharko dira eta diaporamaren iraupena 30-60 minutu bitartekoa izango da.

Aukeratutako lau horietatik, irabazlea publikoak erabakiko du, aurkezpenetan zehar euren botua emateko aukera izango dute-eta. Hala, publikoaren gogokoenak ehun euroko saria jasoko du, eta lau parte hartzaileentzat berrogeita hamarna euroko sari ordaina izango da.

Emanaldiak maiatzaren 19ko eta 26ko eguenetan eta ekainaren 2an eta 9an izango dira, iluntzetan, Aretxabaletako taberna desberdinetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak