Urkulu urtegiaren betetze maila %84,17ra iritsi da

Ubane Madera 2016ko mar. 4a, 13:09
Urkuluko urtegia, martxoko aurreneko astean, %84ko betetze maila gaindituta.

Euriteekin, hiru egunean %7 handitu zen urtegian bildutako ur kopurua. Hala ere, oraindik aurrealerta egoeran dago.

Urkuluko urtegiaren egoera asko aldatu da otsailaren azkeneko hamabostaldian, eta, batez ere, hilabetearen azken egunotan. Datua da otsailaren 26tik otsailaren 29ra bitartean egindako eurien ondoren (Arrasaten 24 orduan 134 litro ur neurtu zituzten) urtegiaren maila %7 handitu zela. Metrotan begiratuta, 1,07 metro irabazi zituen urtegiak joan den asteburuan; bestela esan- da, azken euriteekin 670.000 m3 sartu ziren egubakoitzetik aste- lehenera arte. Eta horri esker, pasatu da joan den asteko %76 betetze-mailatik oraingo asteko %84,17 betetze-mailara

2016an bertan atzerago begiratuz gero, aldea nabarmenagoa da. Urtarrilean, esaterako, %64,27 zegoen beteta Aretxabaletako urtegia. Gainera, eguaztenean atzera ere euria egin zuen eta iragarpenak dio hala segituko duela datozen egunotan; beraz, Urkuluk ura hartzen segitzen du.

Aurrealertan

Edozelan ere, Debagoieneko urte- gia ez dago egoera normalean oraindik. Aurrealerta egoeran dago, eta Gipuzkoan aurrealerta egoeran dagoen urtegi bakarra da. "Araudi baten arabera eta urtegiaren bolumen historikoaren arabera egiten den konparaketak ematen du aurrealerta egoera hori", azaldu du Imanol Zabaletak, Debagoieneko uren arduradunak. Bestela esanda, urteko sasoi honetan, baina bestelako urte batzuetan, urtegiaren maila handiagoa izan da, eta horrek eragiten du aurrealerta egoerari dagokion kalifikazioa. Adibidez, iaz, sasoi honetan %100,29an zegoen; 2014an, %100,88an; eta 2013an, %100,07an.

Urtegiak kalifikazio hori izateak dakar, besteak beste, arduradunek egoera aztertu egiten dutela, erabakitzeko neurriren bat har- tu behar den edo ez. Oraingo hau ez da kasua, hau da, "egoera hobea da eta ez dago aurreikuspenik neurririk hartzeko", dio Zabaletak. Desberdina litzateke, besteak beste, oraingo urte sasoia negua barik uda balitz.

Ur-kontsumoa behera

Bestalde, urtegiak duen ur-maila bi elementuk baldintzatzen dute: egiten duen eurien ur-sarrerak eta kontsumitzen den ur kopuruen ur-irteerak. Bada, azken horri dagokionez, gutxitzeko tendentzia hartu du azken 15 urteotan. Hainbat arrazoirengatik: ur-azpiegituretako ihesak gutxitu egin direlako egindako hobekuntzengatik; ur-kontsumo arduratsuagoa egiten delako eta, besteak beste, jaitsi egin delako industriari dagokion ur-kontsumoa.

Kontuak kontu, negu hasiera sikua izan arren, urtegia historikoki urte sasoi honetan izan duen mailara bueltatzen dabil, nahiz eta hori bai "normalena izaten da azarotik gora joatea, eta aurten, berriz, otsailera arte" ez den halakorik gertatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak