Batzokian egindako gaztetxeen gaineko pintada deitoratu du Oñatiko EAJk

Julen Iriondo 2016ko ots. 21a, 16:16
Oñatiko batzokian atzo egindako pintada.

"Batzokiari" bart egindako "erasoa" deitoratu egin du alderdi jeltzaleak. Kortxoenea, Ezpala... PNV gaztetxeen etsai dioen pintada Oñatin Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Arteko Topaketa egiten ari ziren egunean egin zuten, hain justu; horrez gain, batzokiko sarrera gorotzez zikindu ere egin zuten. "Garai berrietan gauden arren eta biolentziaz betetako urteak atzera utzi ditugula pentsatzen dugun arren, larritzekoa da belaunaldi berriek oraindik barneratuta daukaten biolentzia", dio EAJren oharrak, "ezker abertzalearen mundua" aipatuz.

Eta honela jarraitzen du EAJk hedabideetara bidalitako idatziak:

"Biolentzia baita, ez bakarrik norbait erailtzea edo bahitzea, biolentzia da baita ere besteen ondasunak kaltetzea, beldurtzeko intentzioarekin. Gaur, berriz ere, Oñatiko Batzokiak erasoa jasan du. Oraingo honetan, ez dira bakarrik pintadak egitera mugatu, gainera gorotzez sarrera ere zikindu dute eta. Ezker Abertzalearen munduak oraindik pedagogia behar handia dauka bakea eta bizikidetzaren inguruan. Tamalgarria da, oraindik ere horrelakoak gertatzea eta Oñatiko EAJk irmo jarraituko du, orain arte bezala, herri honentzako lanean, oñatiarren interesak defendatzen eta guztion arteko bizikidetza baten alde lanean. Gu isilarazi nahi gaituztenek ez dute beraien helburua beteko, garai gogorragoetan ere aritutakoak gara eta.

Gaur gertatutakoa ez da EAJri eragiten dion zerbait soilik, herri osoaren bizikidetzari eragiten dio, eta horregatik da gainera tamalgarriagoa. Oñatiar guztien arteko bizikidetza baketsu bat, denontzako da onuragarria, ez EAJrentzako bakarrik. Beraz, EAJ erasotzen duten horiek, Oñatiarren elkarbizitza erasotzen dute. Herri batean iritzi desberdinak egoteak ez dio bizikidetza horri kalterik egiten, alderantziz, iritzi desberdinak errespetatzen diren heinean aberasgarria da eta. Errespetua da beraz eskatzen duguna, ezker abertzalearen munduak hausnar dezala nora garamatzan horrelako ekintzen bidez desberdin pentsatzen dutenen aurka egiteak.

Oñatiren alde lanean jarraituko dugu, gure ideiak defendatuz, beldur barik eta errespetuan oinarritutako bizikidetza baten aldeko gure apustua berretsiz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak