Amodiozko Gutunen Lehiaketa 2016: Gutun irabazlea

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016ko ots. 12a, 10:00

Patxi Zubizarreta idazleak (Ordizia, 1964) irabazi du Jardunen 24. Amodiozko Gutunen lehiaketa. Biolin irakasle baten eta harpa jotzaile baten artekoa da.

Adiorik ez

 Agurra besterik ez zait bururatzen, orain, gutun ezinbesteko honi hasiera emateko eta neure barrena asaskatzeko. Amodioa eta adioa nahasten zaizkidan honetan, eztia dastatu berritan: agurra…

Baiezkoa eman nien adiskideei Maria Schneider-en atzo iluntzeko kontzerturako proposamena egin zidatenean. Saioa bikaina iruditu zitzaidan eta, gero, nik egin nien kopa bat hartzeko gonbita. Antzoki parean bertan babestu ginen eta gauak bigarrengoz oparitu zidan zure presentzia. Aurrena, eszenategi gainean, harpan akupuntura egiten; eta, hurrena, barran, zure beso biluziak kristalean antxumaturik ikusi nituenean: Allegro.

Baiezkoarekin erantzun nien atzera adiskideei, ezagutzen ote zintudan galdegin zidatenean. Baina haiek bertakoa zintugula adierazi nahi zuten, gure kontserbatorioan ere ibili zinela, nahiz eta atzerrira jo behar izan zenuen harpa ikasketak egitera. Ordutik aurrera josi nizkizun begirakuneak desiozkoak iruditu omen zitzaizkizun zuri, baina aitor dut gehienbat jakinminezkoak zirela, nik zu ezagutu ez arren, bazelako zuregan zerbait, ez jakin zertan, ezaguna zitzaidana, haur denborako usain bat bezalakoa. Gutxi-asko zure gurasoen adinekoa izanagatik, seguruenik halako bizitza sexual oparoa aurreikusiko zenidan, baina azken urteotan apenas izan dudan amodiorako egokierarik, eta noizbait gertatu zaidanean, kortesiaz jokatu dut kasik —besteak beste alboan nuen irakaskidearekin, senarra ere ezin gertuago zuena—. Horregatik guztiagatik, lotsagorritu egin nintzen ohartu nintzenean ez zenidala begirik kentzen eta gure artekoa besterik izan zitekeela: Adela.

Ezezkoa emango nien adiskideei erretiratzeko asmoa agertu zutenean, baina ezin nabarmenegi geratu; hiri domestiko honetan ezin esan lasai joateko, nik beste kopa bat hartuko nuela, bakarrean. Hala bada, joan, joan nintzen, baina elkar agurtu, eta autora joateko imintzioa egitearekin batera, atzera egin, eta tabernara itzuli nintzen. Itzuli natzaizu. Zer gerta ere. Kopa eskuetan, laster ginen begiak begietan. Eta handik gutxira zure taldekideak irtetean, emakume bati zerbait xuxurlaturik, zuzen etorri zara niregana. Zuzenegi, aukeran, zeren iruditu baitzait presaren presaz zapuztu egingo zenuela hasierako liluramendua. Ezagutzen omen ninduzun, kontserbatoriotik, o tempora, o mores!, eta biolina hautatzekotan ere egon zinen nirekin ikastearren. ‘Gizon helduak gustuko ditut, savoir faire hori, manera finak, hitz egiten dakitenak’. Heinrich von Biber ekarri dugu hizpidera, haren Passacaglia for solo violin, eta plazerez entzungo zenidala obra hori, etxean, inor ez egotera: ‘Orain’.

Ezezkoarekin erantzun dizut etxea aipatu didazunean; bakarrik baietz, baina herrixka urrun batean. Ezagutzen zenuen toki ezkutuak ere ez ninduen gehiegi kilikatzen: autoan nire dorpezia agerian utzi nahi ez, eta are gutxiago, gau minean, polizia edo jakinluzeren baten arriskuarekin. ‘Hemen bada hotel bat…’. Eta eskutik heldu didazu, harpari heltzen zenion delikatezia, finezia berberarekin. Baina preludioa besterik ez da izan, laster etorri baita zure gorputzaren terra incognitan barneratzeko eta kartografiatzeko proposamen desiozkoa. Bestelakoa. Eta hortxe agertu zait, gutxien ustean, memoriaren bidegurutze nahasgarria, ataka asaldagarria, hain zuzen ere zure ezker ipurmasaileko oreztari antzeman diodanean. Orduan oroitu dut zuregan bazela hasieratik ezaguna zitzaidan zerbait, haur denborako zapore bat bezalakoa, zeu bitarte beste norbait oroitarazten zidana: Andante.

 Zalantzan geratu naiz, gero, desenkusaka alde egin beharra agertu (‘Arratsaldean Lisboarantz abiatzekoak gara…’), eta Batan auzune dotorera eramango ote zintudan galdegin didazunean, gurasoenera.  Une horretan, berriro ere lehenengo aldiz bezalaxe geratu natzaizu begira. Baina nik orezta gogoan, zure hazpegiak, zure ahotsaren arpegioak: ‘Lembra de mim’. Eta oraingoan neuk azkartu nahi izan dut agurra, gaua zapuzteko beldurrik gabe kasik. Eta zure telefono zenbakia apuntatzeko erabili dudan iPod berean ikusmiran hasi, eta horra bertigoa eta post coitum, tristitia halako bat eragin didan zure abizena: Lizarduya!

 Baieztapenak supituki haur denborara eraman nau. Juanjo zuen izena, eta Batanen bizi zen, familiaren villan. Fraideek ikasmahai berean egokitu gintuzten. Berrogeita lau mutileko gela hartan desioa hasia zen gure gorputz itzaliak pizten, gure irritsak albokoarengana bideratzen. Eta haurtzaroa abandonatzear geunden batean, gimnasia orduan sarritan egiten genuen bezala, maisuak Olarizura bidali gintuen lasterka. Baina nik zigarro bat eraman nuen eta Juanjori sasi artean erretzeko gonbita egin nion. Zorabiatuxe, halabeharrez bakarkako infrasexuan askatzen ginenok, zabar samar partekatu genuen gure desira. Aldi bakar hartan deskubritu nuen zeurea bezalakoxe orezta, toki horretan bertan. Bitxia da, baina zuen taldeko The Thompson fields diskoan datorren Lembra de mim kantua datorkit berriro gogora: ‘Gogoratu nirekin’. Gustatu zait adio esateko zuk hitz horiek hautatu izana. Baina ezin duzu sumatu ere egin nor ekarri didazun nahi gabe gogora: Juanjo Lizarduya.

 Agur hori besterik ezin bururatu, beraz, «Adiorik ez», etxera lehenbailehen itzuli, eta, nire nahasmenduan, ezinbesteko gutun hau idaztera eseri naizenean. Baina orain ezin jakin nori zuzendu edo bidali beharko niokeen: oraindik ere nire zaitudan zuri, zuk gogorarazi didazun horri, edo neure buruari berari. Apika jakin ere ez dut nahi, eta soil-soilik dakit agian pospolo batek abegirik egokiena, abegirik sutsuena egingo diela bertigoak hartutako paper hauei: Finale.

Adela, Juanjo, Angel agurgarriak:

Erlazionatuak

Saria jaso duten amodiozko hitzak

Txomin Madina Milikua 2016 ots 13 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak