Langabezian dauden gazte ekintzaileak erakartzeko proiektua abiatu dute

Josu Bilbao 2016ko ots. 11a, 13:21

Mondragoneko negozioak azeleratzeko zentroak eta Mondragon Unibertsitateak abian jarri dute Etorkizuna Elkarrekin Eraikiz proiektua. Unibertsitateko titulua edo erdi zein goi mailako Lanbide Heziketako titulua duten 15 lagunek enpresa batean sei hilabetez prestatzeko eta ekintzailetza-proiektuak garatzeko aukera izango dute.

Etorkizuna Elkarrekin Eraikiz! proiektuaren bigarren edizioa, E3 proiektua ekimena, martxan jarri dute Mondragon Goi Eskola Politeknikoak eta Mondragoneko BACek. Ekimenaren bidez, ekintzaile-izaera duten 15 tituludun langabe bilatu nahi dituzte, ekintzailetza edo interrekintzailetza prozesuak garatzeko euskal enpresetan. Enpresa hauek oinarri teknologikoa izango dute, eta sei hilabetez prestatzeko aukera izateaz gain, ekintzailetza-proiektuak garatzea izango da xedea.

E3 proiektuak unibertsitateko prestakuntza tekniko handia duten gazte asko langabezian daudela eta ekintzailetza-esperientziak protagonizatzeko gai direla aurreikusi du. Hori dela eta, proiektuan parte hartzeko baldintzak, langabezian egotea, titulu ofiziala izatea eta gehienez 30 urte izatea izango dira. Izena emateko aukera martxoaren 15era arte izango dute gazte ekintzaileek.

Hautagaiak enpresek hautatuko dituzte, curriculumak aztertuz eta elkarrizketak eginez. Gainera, pertsona ekintzaileak enpresek kontratatuko dituzte, eta enpresa horietan garatuko dituzte proiektuak.

Proiektuan interesa dutenek euren curriculuma e3.mgep@mondragon.edu posta-helbidera bidali, edo 943739714 zenbakira deitu beharko dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak