Europatik 21,3 milioi euro jasoko ditu Foru Aldundiak eta enplegu eta berrikuntzarako erabiliko ditu

Leire Kortabarria 2016ko ots. 9a, 14:03
Imanol Lasa foru bozeramalea, Diputatuen Kontseiluko erabakiak azaltzen.

Europako Batasunetik 21.370.109 euro jasoko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak enplegu eta berrikuntzarekin lotutako programetarako. Hain zuzen, Diputatuen Kontseiluak onartu eta berretsi egin du Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF)  eta Europako Gizarte Funtsaren (EGF) finantziazioa edukiko duten Aldundiaren proiektuen zerrenda, 2014-2020 aldiari dagokion Europako Batasunaren inbertsio errondaren barruan, eta, Imanol Lasa bozeramaleak azaldutakoaren arabera, “susperraldi ekonomikoa eta enplegua bultzatzea” da helburu nagusia, “ongizate sistemaren eta politika sozialen jasangarritasuna” bermatzeko.

Europako funtsekin proiektuen kostuaren erdia estaliko da. EGEFen barruan 18.445.109 euro emango dizkio Aldundiari, eta EGFren barruan, 2.925.000 euro (21.370.109 euro, guztira).

EGEF funtsetan Aldundiak duen parte-hartzea 12 proiektutan jasotzen da, lau gaikako lan ildo nagusitan sailkatzen direnak: informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera, kalitatea eta eskuragarritasuna hobetzea; enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzea; sektore guztietan karbono gutxiko ekonomia baterako aldaketa erraztea; eta ingurumena artatzea eta babestea, eta baliabideen efizientzia sustatzea.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak: Gipuzkoako E-Gobernurako zerbitzuak eta aplikazioak, eta zerga, gardentasuna, diru laguntzak, datuen trukea edo kontratazio elektronikoari lotutako plataformak martxan jartzea aurreikusten da.

Enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna: Enpresen sorrera babestuko da 3.689.056 eurorekin,  oinarri teknologikoko enpresa berriei erreparatuz bereziki (OTEB), eta Lurraldeko enpresa txiki eta ertainen finkapena eta berrikuntza sustatuko dira.

Eredu energetikoaren aldaketa: Errepideetako argiteria instalazioak egokituko dira, Gipuzkoako bizikleta bideen Lurraldearen Arloko Plana garatuko da, energia berriztagarriak eta eraikin publikoetako efizientzia energetikoa bultzatuko dira, Lurraldebuseko garraio txartelen interoperatibitatea lortzeko hardwarea eta softwarea diseinatuko da, eta autobus flota berrituko da, energia eraginkortasuna hobetzeko.

Ingurumena: Ibai ibilguak iragazkortzeko lanetara bideratuko dira funtsak.

Enpresa txiki eta ertainendako 31 milioi kreditutan

EGEF funtsen barruan dago ere ETE ekimena, Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei finantzaketarako bideak erraztea helburu duena. 989.279 euro inbertituko dira egitasmo honen barruan, eta horri Eusko Jaurlaritzaren eta Estatuko Administrazio Orokorraren ekarpen proportzionala gehitu behar zaio. Guztira, 3,9 milioi euroko kopurua batzen dute hiru erakundeek; eta Inbertsioetarako Europar Bankuaren (IEB) eragin multiplikatzailea ezarriz gero, Lurraldeko enpresa txiki eta ertainentzat 30,96 milioi euroko kopurua suposatuko du, kredituetan.  

Enplegurako, 5,8 milioi

EGFri dagokionez, Gipuzkoaren partaidetza ‘Autoenplegua sustatzen’ izeneko ekimenaren bitartez gauzatzen da. Bi lan ildo nagusi ditu: Txekin, enpresen proiektuei laguntzeko, enpresak sortzeko prozesuetan; eta Emeki, emakumeek enpresak sortzeko bultzatutako prozesuei laguntzeko eta indartzeko. Guztira, Aldundiak 5.850.000 euro inbertituko ditu atal honetan, enpleguaren jasangarritasuna eta kalitatea eta lan mugikortasuna errazteko. Desgaitasuna dutenen, langabeen, bazterkeria pairatzen dutenen, eta pobrezia arriskuan daudenen laneratzea da jorratzen den alorretako bat.

Lasak nabarmendu duenez, Europako funts hauen izaera bat dator Aldundiak esku artean dituen lan ildo eta lehentasunekin. Hala, ziurtatu du lagungarriak izango direla Gipuzkoa “kohesionatuagoa, jasangarriagoa, berritzaileagoa, garatuagoa eta solidarioagoa eraikitzeko bidean. Argi daukagu Lurraldearen etorkizunerako, ezinbesteko apustua dela modernizazioa eta jarduera ekonomikoa bultzatzea, epe luzean gure ongizate sistemari eusten lagunduko duten diru sarrerak sortuz, inor sekulan bazterrean gelditu ez dadin”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak