Kontratatutako langileen kopurua hazi egin da bigarren urtez jarraian Gipuzkoan eta Araban

Leire Kortabarria 2016ko ots. 9a, 08:00

Zerbitzariak, aisialdirako begiraleak, denda eta saltokietako saltzaileak, ume-zaintzaileak, makina-erreminta operatzaileak, metalen lorpen eta transformaziorako beharginak, garbitzaileak eta etxeko langileak dira 2015ean kontratu gehien izan dituzten lanbideetako batzuk, bai Gipuzkoan bai eta Araban ere.

SEPEk (Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak) argitaratutako txosten baten ondorioetako bat da hori. Beste bat honako hau da: azkenaldiko joera onak jarraitu egiten du eta kontratazio kopurua goraka doa 2013a ezkero.

SEPEren Lanbideen Behatokiak egindako txosten horren helburua da etorkizun hurbilean perspektiba onenak dituzten lanbideak zerrendatzea. Horretarako hainbat aldagai erabili ditu, besteak beste 2015ean izandako kontratuak lanbide bakoitzerako, lanbide horren pisua ekonomian, kontratu kopuruak urte batetik bestera izandako eboluzioa, egonkortasun tasa eta beste batzuk.

Lehenengo ondorioa da, oro har, kontratazioa goraka doala modu garbian. Hala, Araban, 2013ko abenduan 122.181 pertsona zeuden lan-kontratuarekin, eta 2015eko abenduan, ia 163.000. Urte tartea 2006tik 2015era artekoa da. Unerik baxuena 2009ko abendua izan zen, 112.000 kontratu baino gutxiagorekin.

Arabarekin jarraituz, honako lanbideetan zeuden 2015eko abenduan kontratupeko langile gehien lanean:

  1. Manufaktura-industrietako peoiak: 20.333
  2. Zerbitzariak: 16.903
  3. Bulego, hotel eta antzeko establezimenduetako garbitzaileak: 12.279
  4. Denda eta saltokietako saltzaileak: 8.356
  5. Metalak lortzeko eta transformatzeko beharginak: 6.163
  6. Aisialdiko begiraleak: 4.027
  7. Haurtzaindegi eta hezkuntza zentroetako ume-zaintzaileak: 3.512
  8. Makina-erremintako langileak: 2.166
  9. Sukalde-laguntzaileak: 2.102
  10. Etxeko langileak: 2.078

Bariazio handiena, hau da, 2014ko abendutik 2015ko abendura arte hazkunde handiena izan zuten lanbideak, honako hauek izan ziren Araban:

  1. Lizentziak egiteko Administrazio Publikoko errefortzu-profesionalak: %560
  2. Hezkuntza bereziko teknikariak: %476,92
  3. Haurtzaindegi eta hezkuntza zentroetako ume-zaintzaileak: %300,91
  4. Elikadura-produktuak, edariak eta tabakoa egiteko makinen operadoreak: %272,16
  5. Beste epigrafe batzuetan klasifikatu bako ingeniari teknikoak: %257,69
  6. Ibilgailuen garbitzaileak: %257,14
  7. Publizitate banatzaile, zapata-garbitzaile eta kaleko ogibideetako beste langile batzuk: %256,76
  8. Arte areto, museo eta liburutegietako teknikariak: %241,38
  9. Etxeko ume-zaintzaileak: %240,74
  10. Informazioaren eta komunikazioaren teknologietako instalatzaile eta konpontzaileak: %191,49

Gipuzkoari dagokionez, goraldia egon da kontratazioen kopuru orokorrean -2013ko abenduan 199.400 kontratu inguru zeuden, eta 2015eko abenduan 253.400 izan dira-, eta lurralde horretan ere, 2006a ezkeroko kontratu kopuru handiena da. Une txarrena 2009ko abendua izan zen, oso alde txikiarekin 2013arekiko: 198.900 kontratupeko langile zeuden.

Honako hauek ziren, 2015eko abenduan, kontratupeko langile gehien zituzten 10 lanbideak:

  1. Zerbitzariak: 26.179
  2. Manufaktura-industrietako peoiak: 21.226
  3. Bulego, hotel eta antzeko establezimenduetako garbitzaileak: 19.255
  4. Dendetako eta saltokietako saltzaileak: 17.439
  5. Ospitaletako erizaintza laguntzaileak: 5.689
  6. Aisialdiko begiraleak: 5.381
  7. Laneko eta gizarte hezkuntzako profesionalak: 3.064
  8. Konposatzaileak, musikariak eta abeslariak: 1.895
  9. Elikadura produktuak, edariak eta tabakoa egiteko makinetako operadoreak: 1.858
  10. Paperezko eta kartoizko produktuak egiteko makinetako operadoreak: 1.829

Eta 2014ko abendutik hazkunde handiena izan zuten 10 lanbideak, honako hauek:

  1. Diagnosi klinikoetako laborategietako teknikariak: %187,18
  2. Haur hezkuntzako teknikariak: %170,34
  3. Tele-operadoreak: %149,07
  4. Apustu-salmentarako enplegatuak: %141,38
  5. Zura lantzeko tratamenduetako langileak: %137,18
  6. Arte plastiko eta bisualetako artistak: %135,94
  7. Esnea tratatzeko eta esnekiak egiteko langileak: %112,50
  8. Estruktura kableatuetako langileak eta kable-lotzaileak: %106,10
  9. Liburutegi eta artxiboetako enplegatuak: %104,76
  10. Beste epigrafe batzuetan klasifikatu bako artista sortzaile eta antzezpenekoak: %102,88

Jende-multzo jakin batzuen araberako datuak ere eman ditu SEPEren behatokiaren txostenak, hala nola emakumeak, atzerritarrak, gazteak, 45 urtetik gorakoak, desgaituak eta luzaroan enplegu bila ibili direnak.

Araban, emakumeen kontratazioa kontratazio orokorraren adina hazi zen 2014ko abendutik 2015eko abendura: %15 pasatxo. Horrek suposatzen duena argitzeko, 2009an, adibidez, emakumeen kontratazioa %17,16 murriztu zen; kontratazio orokorra, %19,45. Eta 2013an, kontratazio orokorrak ia hazkunderik ez bazuen izan, emakumeena %3,89 jaitsi zen.

2015eko abenduan, kontratupeko emakumezko langile gehien zituzten ogibideak hauek ziren: haurtzaindegietako eta hezkuntza zentroetako ume-zaintzaileak (2.761), aisialdiko begiraleak (2.415) eta sukalde laguntzaileak (1.373); baita ospitaleko erizain laguntzaileak, garbitzaileak eta laneko eta gizarte heziketako profesionalak ere. Urte arteko hazkunde handiena hezkuntza bereziko teknikarien arloan izan zen: %625 gehiago.

Atzerritarren artean, batez bestekoa (%15) baino askoz gutxiago hazi zen kontratazioa: %5,81.  Kontratupeko langile atzerritar gehien zituzten lanbideak hauek ziren: zerbitzariak (2.164), bulego, hotel eta antzeko establezimenduetako garbitzaileak (2.144) eta manufaktura industrietako peoiak (1.905). Hazkunde handiena, %77,91, garbiketa langileen sektorean izan zen.

30 urtetik beherakoen kontratazioa %13,34 hazi zen 2014ko abendutik. Kontratu gehien izan zituzten lanbideak hauek izan ziren: aisialdiko begiraleak (2.971), haurtzaindegi eta hezkuntza zentroetako ume-zaintzaileak (2.136) eta merkantziak garraiatzeko eta deskargatzeko peoiak (1.795). Gehien hazi ziren sektoreak hauek izan ziren: haurtzaindegi eta hezkuntza zentroetako ume-zaintzaileak (%428,71 gehiago), ekintza kultural eta artistikoetako errefortzu-teknikoak (%196,08) eta beste batzuk.

45 urtetik gorakoen kontratazioa da gehien hazi dena: %20,48. Kontratu gehien izan ziren posta zerbitzuetako enplegatuen artean (647), makina-erremintako operatzaileen artean (584) eta sukalde laguntzaileen artean (572). Hazkunde handiena izan zen hondakin sailkatzaile, garbigune eta txatar saltzaileen artean (%429,55), eta baita posta zerbitzuetako langile, makina-erreminta operatzaile eta saltokietako berjartzaileen artean ere.

Desgaituen kontratazioa batez bestekoa baino zertxobait gutxiago hazi zen: %14,59. Kontratu gehien izan ziren manufaktura-industriako peoi izateko (997) eta bulego, hotel eta antzeko establezimenduetako garbitzaile izateko (362). Hazkunde handiena honako sektore hauetan izan zen: ekoizpenerako laguntza-zerbitzuetako bulegoko enplegatuak, makina-erremintako langileak eta merkantziak garraiatzeko eta deskargatzeko peoiak.

Luzaroan lan bila ibili zirenen kontratazioa %10 hazi zen 2014ko abendutik, 2013tik 2014ra arte baino gutxiago (%19,19 izan zen orduan).

Kontratu gehien izan ziren merkantziak garraiatzeko eta deskargatzeko peoi izateko (114) eta makina-erremintako langile izateko (62). Hazkunde handiena izan zen posta zerbitzuko enplegatu izateko eta okin edo gozogin izateko.

Gipuzkoan, 2014ko abendua ezkero %14,79 hazi zen kontratazioa, eta emakumeen kontratazioa %13,87 hazi zen. Askogatik, kontratu kopuru handiena bulego, hotel eta antzeko establezimenduak garbitzeko sektorean izan zen: 14.816. Segidan, etxeko langile izateko: 5.570 eta aisialdiko begirale izateko: 3.695. Hazkunde handiena izan zen manufaktura industrietako peoien artean eta espezializatu bako erizaintzan.

Atzerritarren kontratazioa batez bestekoaren gainetik hazi zen: %18,64. Eskaera handiena honako sektoreetan izan zen: bulego, hotel eta antzeko establezimenduak garbitzeko (3.343), manufaktura-industrietako peoi izateko (2.197) eta sukaldari izateko (1.109). Hazkunde handiena izan zen arrantzako langile izateko; konposatzaile, musikari edo abeslarien sektorean eta baita segurtasun zaintzaileen sektorean ere.

30 urtetik azpikoen kontratazioa batez bestekoa baino gehiago hazi zen: %15,90. Kontratu gehienak honako sektoreetan izan ziren: manufaktura-industriako peoiak (5.946), aisialdiko begiraleak (4.328) eta bulego, hotel eta antzeko establezimenduak (2.993). Hazkunde handienak izan zituzten sektoreak honako hauek izan ziren: ikus-entzunezko grabaketak egiteko teknikariak, espezializatu bako erizainak eta fisioterapeutak.

45 urtetik gorakoen kontratazioa batez bestekoa baino gehiago hazi zen modu nabarmenean: %21,80. Kontratu gehien, 4.867, manufaktura-industriako peoien artean izan zen; segidan, sukaldarien artean (1.869) eta etxean pertsonak zaintzeko langileen artean (1.015). Hazkunde handienak izan ziren ikus-entzunezkoen grabaketa-teknikarien artean, paperezko eta kartoizko produktuak egiteko makinen operatzaileen artean eta segurtasun zaintzaileen artean.

Desgaituen kontratazioa %11,87 hazi zen. 1.861 kontratu egin ziren manufaktura-industriako peoi izateko; kontratazio handieneko hurrengo sektorea (309) arropa-garbiketa eta tindategietako makinak eragiteko langileena izan zen; eta hirugarrena (140), automobil, taxi eta furgoneta gidariena (140). Hazkunde handienak honako sektore hauek izan zituzten: makina-erremintako langileak, jendea atenditzeko administrazioko langileak eta birjartzaileak.

Azkenik, iraupen luzeko langabeen kontratazioa %7,92 hazi zen. Kontratu gehien, 761, manufaktura-industriako peoi izateko egin ziren; segidan, 186, jendea atenditzeko administrazioko langileak; eta hirugarren postuan, 153 kontraturekin, sukaldari laguntzaileak. Hazkunde handienak honako sektore hauetan izan ziren: aktoreak, laneko eta gizarte-heziketako profesionalak eta inkesta-agenteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak