Txikizkako merkataritzak %1,2 gehiago saldu zuen 2015ean

Leire Kortabarria 2016ko ots. 8a, 08:00

Euskadiko txikizkako merkataritzak %1,2 gehiago saldu zuen 2015eko laugarren hiruhilekoan aurreko urteko epe beretik, Eustaten datuen arabera. Urte arteko tasan, %2,9 hazi ziren salmentak. Ez dira kontuan hartzen zerbitzu estazioak.
Hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, salmentak %0,1 txikitu ziren, urtaroko efektuak kenduta.

Sektoreka, elikadurak %3,6 hobetu zituen salmentak, eta gainerako produktuen sektoreak, %2,4. Automobilgintzarako erregaien salmentak %12,5 murriztu ziren. Hori dena, 2014ko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta.

Txikizkako elikadura merkataritzaren barruan, merkataritza espezializatuak %1,1 hobetu zituen salmentak, eta ez espezializatuak, elikadura nagusi dela, %5.

Beste produktuen salmentetan, pertsonaren ekipamendurako salmentek gora egin zuten (%4,3) eta baita etxebizitzarako ekipamendurako salmentek ere (%3,9). Beste produktu batzuetan espezializatutako merkataritzak berdin jarraitu zuen. Elikadura ez beste produktuetako ez espezializatutako merkataritza %2,2 murriztu zen.

Lurralde historikoka, Gipuzkoan %0,6ko hazkundea izan zen; Bizkaian, %2,1ekoa; eta Araban %0,5eko murrizketa egon zen.

Prezioen efektu barik, %1,1eko hazkundea

Prezioen aldaketak kontuan hartu barik, txikizkako salmentak %1,1 handitu ziren 2014ko laugarren hiruhilekoarekiko.
2015eko hirugarren hiruhilekoarekiko, benetako salmentak %0,5 jaitsi ziren, urtaroen efektua kendu eta gero.

Elikadura salmentak %2,1 handitu dira termino jarraituetan, eta gainerako produktuen salmentak %1 handitu dira. Erregaien salmentak %2,1 murriztu dira. Elikadura produktuei dagokienez, urte arteko eboluzioa negatiboa izan zen, %1,4 murriztuta. Elikadura nagusi den merkataritza ez espezializatua %7,2 hazi zen. Elikadura ez beste produktuen salmenta ez espezializatua %2,3 murriztu zen. Pertsonaren ekipamendurako salmentan ez zen aldaketarik izan; etxebizitzarako ekipamendurako salmenta %4,7 hazi zen, eta beste kontsumo-ondasunen salmenta %0,7 hazi zen.

Termino errealetan, Arabako salmentak %1,6 handitu ziren; Gipuzkoakoak, %1,3; eta Bizkaikoak, %0,8; hori dena, 2014ko laugarren hiruhilekoaren aldean.

2015eko balantzeari dagokionez, txikizkako salmentak %1,3 hazi ziren, termino metatuetan. Zerbitzu estazioak kenduta, gainerako merkataritzaren txikizkako salmentak %2,8 handitu ziren, termino metatuetan, 2014aren aldean. Termino errealetan, sektorea %1,7 hazi da, eta, zerbitzu estazioak kenduta, %1,8.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak