Askotariko filmak pantaila handian ikusteko aukera ugari Debagoienean

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016ko ots. 5a, 10:00

Helduentzako eta haurrentzako zinema komertziala, zirkuitu horretatik kanpo dauden filmen zineklubak, gaikako zine saioak; horiek guztiak eskaintzen dituzte Debagoieneko zinema aretoek. Zinema kontsumitzeko erak aldatu egin dira, eta, ondorioz, herri askotakoek ateak itxi dituzte. Ez da hori, baina, Debagoieneko errealitatea; gaur egun, maiztasun ezberdinarekin bada ere, herri guztietan dago filmak pantaila handian ikusteko aukera. 

Teknologia berriek asko laburtu dute estreinaldiak herrietako zinemetara heltzeko epea. Digitalizatutako zinema aretoak dira Debagoienekoak. Herrietako zinema aretoak plaza onak dira. "Zinemen digitalizazioak abantaila handiak ekarri ditu. Programazioari dagokionez, errazagoa da orain filmen kopiak eskuratzea; eta irudiaren eta soinuaren kalitateari dagokionez, zer esanik ez", azaldu du hainbat zinema aretotako programatzaile Usoa Urbieta bergararrak gaurko Puntua-n. Era berean, Urbietak gaineratu du ikusleak zorrotzak eta informatuak direla, eta, horregatik, estreinaldiez gainera, bestelako film interesgarriak ekartzeko ahalegin handia egiten dutela.

Debagoieneko kultura teknikariek emandako datuek argi erakusten dute herritarrek asko estimatzen dutela norberaren herrian zinema aretoa izatea. "Urtarrilean, asteburuko 500 ikusletik gora izan ditugu helduen saioetan", esan du Karmelo Alberdik, Arrasateko Kultura teknikariak. "Iaz 11.608 ikusle izan genituen", diote Oñatiko Kultura arduradunek. "Aretxabaletan, helduentzako, besteak beste, astelehen arratsaldeetan eskaintzen dugu, 16:00etan. Inguruko herrietatik ere zale asko etortzen da, bereziki, emanaldi horretara", kontatu du Kultura teknikari Inma Miguelek.

Kudeaketa, herriaren arabera

Debagoieneko zinema areto guztiak Udalarenak dira, nahiz eta Oñatiren, Arrasateren eta Aretxabaletaren kasuetan espresa bati esleituta daukaten kudeaketa. Enpresekin adosten dituzte programazioak, eta udalek dute, berriz, ekipamenduaren mantenua eta, kasuan kasu, langileen kontratazioaren ardura.  

Zine komertziala astebururo

Arrasaten, Aretxabaletan, Bergaran eta Oñatin astero dago –egubakoitzetik astelehena bitartean– helduentzako eta haurrentzako zine komertziala. Orokorrean, domeketan eta astelehenetan batzen da ikusle kopururik handiena herri guztietan. Film komertzialen emanaldiez gainera, zineklubak ere antolatzen dituzte: Arrasaten martitzenetan (20:00); Bergaran eguaztenetan (20:00); eta eguenetan Oñatin (20:00) eta Aretxabaletan (19:30). Film horien aukeraketa Udalaren, esleitutako enpresaren eta herrietako hainbat eragileren artean egiten dute.

Antzuolan eta Eskoriatzan hasi berriak dira helduentzako pelikulak eskaintzen. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Filmazpit programarekin egin dute bat eta pozik daude emaitzarekin: "Hamabost urtetan ez da izan helduentzako zinema eskaintzarik herrian, eta Udalak hutsunea bete gura izan du. Aurreko astean hasita, aurrerantzean hileko azkeneko egubakoitzetan askotariko filmak ikusteko aukera izango dugu Torresoroan", azaldu du Jone Larrañagak, Antzuolako Kultura teknikariak. Arantza Unzueta eskoriatzarrak, berriz, honakoa hau dio: "Zinema jaialdi handietan saritutako film laburrak jatorrizko bertsioan ikusteko aukera eskainiko dugu, hilean behin, eguaztenetan. Migrazioari buruzkoak izan ziren lehenengoan eta homosexualitateari buruzkoak, berriz, otsailaren 24an". Eskoriatzan haurrentzako hilean bitan eskaintzen dituzte, domeketan.

'Amama', ikusienen artean

Asier Altunaren azkeneko film luzea eta Ocho apellidos catalanes dira azkeneneko hilabeteetan Debagoienean ikusle kopuru handienak batu dituztenak. Bergaran diferentzia handiarekin nagusitu zen Amama, eta Oñatin 600 ikusle izan zituen. Arrasaten eta Aretxabaletan ere harrera ona izan zuen, baina Emilio Martinez-Lazarorena gailendu zen.

Haurrentzako saioetan, berriz,  ez dago irabazle garbirik, honako hauek aipatu dituzte, besteak beste: La Oveja Shaun, El Viaje de Arlo eta Bran Barrabas.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak