Kantari badator: 1.000 gaztetxo izango dira aurten oholtza gainean

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016ko urt. 15a, 09:00

Kantari karaoke saioaren beste edizio bat abiatuko du Goienak, oraingo asteburuan Eskoriatzan eta Aretxabaletan hasiko dituzten entseguekin. Debagoieneko ikastetxe eta udalen laguntzarekin antolatzen du Goienak bi urtean behin karaoke saioa.

Bihar, zapatua, abiatuko den bosgarren aldian, 7 eta 11 urte arteko 1.000 gaztetxo ikusi eta entzungo ditugu kantuan. "Sekulako harrera izan du hasieratik Kantarik, gaztetxoen artean ondo uztartuta dagoen ikuskizuna da. Aurten jendea zain zegoen parte hartzeko deialdia noiz aterako genuen. Oso pozik gaude horrela izaten jarraitzen duelako; horren erakusle, aurten marka guztiak gainditu ditugula", azaldu du Oihane Agirrek, Goiena telebistako zuzendariak.

48 kantuko zerrenda 

Euskal kantagintzaren erakusleiho zabala da Kantari. "Belaunaldi askotakoek ezagutzen dituzten betiko kantuak ditugu, batetik: Oskorriren Furra-Furra, Kortaturen Sarri-Sarri, Zaramaren Iñaki... Kantu berri batzuk ere sartu ditugu, baina, aurtengo zerrendan: Gatiburen Euritan dantzan; Esne Beltzaren Gogoak; Hesianen Guregatik; Ze Esatek! taldearen Kantuz eskertu; Zea Maysen Kukutza eta beste klasiko bat ere bai: Ken 7ren Haizea. Gurasoek eskertu egiten digute betiko horiek aukeratu izana eta gaztetxoek, berriz, gaur egungo taldeen kantuak eskatzen dizkigute. Guztien gogoa asetzen saiatzen gara", dio Amaia Txintxurretak. 

Kantuen aukeraketa zozketa bidez egiten dute saioko arduradunek. Astean egin dute Oñatiko eta Bergarako saioetako kantuen banaketa, eta laster jasoko dituzte Arrasateko grabaketan parte hartuko dutenek. 

Entsegu eta grabazioak 

Aitor Agiriano eta Txatxilipurdi elkarteko Unai Legarda izango ditu aurten Amaia Txintxurreta aurkezleak laguntzaile. Parte hartzaileei harrera egiten eta horien urduritasunak lasaitzeko ardura izango du Agirianok; eta haurren aldamenean izango da entseguetako agertokian Legarda. Kantuen hitzak eta koreografiak ondo landuta eraman beharko dituzte parte hartzaileek. "Gero eta gaztetxo gehiago animatzen dira koreografiak propioak sortzen; hala ere, saioaren blogean hainbat kanturenak dituzue lagungarri", dio Agirrek. 

Lau herritan izango dira grabazioak, herri gehiagotako ordezkariak izango badira ere. Datorren asteburuan Aretxabaletan hamar saio grabatuko dituzte, Oñatin zortzi saio, Bergaran hamar eta Arrasaten hamabi. Arizmendi Ikastolako Lanbide Hastapeneko ikasleen laguntzarekin egin dute aurten ere dekoratua. 

Grabazioetako ateak zabalik izango dira. "Edukiera arazoak ekiditeko, Aretxabaletako eta Bergarako grabaketetarako gonbidapenak jasoko dituzte entseguetan. Gainontzeko herrietarako ez da gonbidapen beharrik izango. Era berean, entseguetan banatuko dizkiegu grabazioen gaineko informazioaren papera", dio aurkezleak. 

Estreinakoz, argazki lehiaketa 

Instagram sare sozialaren bitartez Kantari ikuskizunetako argazkiak bidaltzeko aukera izango da oraingoan. Grabazioak ikustera hurbiltzen den edonork har dezake parte, eta #goiena eta #kantari etiketak erabili beharko dira. Tableta bat zozkatuko dute parte hartzaile guztien artean. 

Egin klik Kantari blogean 

Otsailetik aurrera erakutsiko dituzte Goiena telebistan; astebururo bi saio berri. Pantaila txikian erakutsi ondoren, blogak.goiena.eus/kantari atarian izango dira gero eskuragarri.  

Saioez gainera, parte hartuko duten gaztetxo guztien saioetako argazkiak ere bilduko dituzte blogean.

-----------------------------------------------

Amaia Txintxurreta (Kantariko aurkezlea): "Familia guztia jarri nahi dugu kantuan eta dantzan aurtengo Kantariko saioetan ere"

Aurten ere Amaia Txintxurreta da Kantari karaoke ikuskizuneko aurpegi nagusia.

Bihar hasiko zarete lehenengo entseguekin; gogoz zaude?

Bai, gogoz nago aurtengo Kantarirekin hasteko; oso polita izaten da Debagoieneko gaztetxoak denetariko euskal abestiak kantatzen eta dantzatzen ikustea. Gainera, uste dut parte-hartzaileak ere ilusioz daudela entseguetarako eta grabazioetarako. Aurten inoiz baino haur gehiagok eman dute izena, 1.000 gaztetxo inguru igoko dira guztira grabazioak egingo ditugun herrietako agertokietara, eta harrera hori ikustea ikaragarria da.

Gaztetxoak urduri daude. Gomendiorik entseguetarako?

Kantuaren letra eta koreografia ondo ikasita etor daitezela da nire gomendioa. Modu horretara, segurtasun handiagoarekin egoten dira oholtzan eta horrek asko laguntzen die. Entseguan lehenengo aldiz abestuko dute kantua tokatu zaien abestiaren instrumentalaren gainetik; beraz, horrek ere lagunduko die konturatzen ozen abestu beharko dutela agertokian daudenean, euren ahotsa entzun dadin.

Gomendiorik grabaketarako?

Gogoz eta ilusioz etor daitezela, hori da garrantzitsuena. Familia guztia jarri nahi dugu kantuan eta dantzan aurtengo Kantariko saioetan ere, eta inportanteena da gaztetxoek ondo pasatzea eta gustura gelditzea bizitako esperientziaz. Hemendik animoak bidaltzen dizkiet parte-hartzaileei; saioetan elkar ikusiko dugu!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak