Mondragoni 47,8 milioiko kalte ordaina eskatzen diote Ordainduk eta Eskuratuk salaketa berrian

Leire Kortabarria 2015ko abe. 1a, 14:34

Fagor eta Edesako langile ohien Ordaindu eta Eskuratu elkarteek Mondragon Korporazioaren aurkako salaketa aurkeztu dute Bergarako epaitegian, eta 47,8 milioi euro eskatzen diote kalte ordain gisa, Fagor Etxetresnak kooperatibaren porrotaren ondorioz sortu zaizkien kalte eta galerengatik.

Euskadin orain arte aurkeztu den inoizko talde-salaketa handiena da, kalte ordainari dagokionez. 959 lagunek ipini dute salaketa. Sunion bulego juridikoak ordezkatzen ditu salatzaileak.

Euren iritziz, Mondragon Korporazioak porrotaren aurreko bi urteetan izan zuen jokaerak hartzekodun gisa euren, langile ohien interesei kalte egin zien.

Aurrezkiak kooperatibetan uzteko erabakia

Salaketan, Korporazioari aurpegiratzen diote bazkide langileei mezuak bidali izana Fagor Etxetresnetan eta Edesan ipinita zeukaten dirua ez zezaten berreskuratu. Euren esanetan, Mondragon Taldeak hainbat aldiz jakinarazi zien Etxetresnen etorkizuna “ez zela txarra” eta “etorkizuna” zuela enpresak.
           
Gaineratzen dutenez, Korporazioko arduradun gorenek une oro esan zuten Korporazioak Fagor Etxetresnak eta Edesa ekonomikoki babestuko zituela eta ez zutela utziko haiek galtzen. Horregatik, langile ohiek diotenez, “bizi osoko aurrezkiak” kooperatiban uztea erabaki zuten, enpresak hartzekodunei erantzuteko moduko ondarea zeukanean atera aurretik.

Beti langile ohien arabera, Fagor Etxetresnak eta Edesa konkurtsoan sartu ziren orduan eta dirua berreskuratzeko aukerarik gabe geratu ziren. “Susmoa” dute, gainera, Korporazioak ahal zuen guztia egin zuela bi kooperatibak modu artifizialean bizi iraunarazteko, kalte handia ekarri izango ziokeen konkurtso “desordenatua” ekiditeko moduko denbora irabaziz.

"Bere ondareari begiratu dio Korporazioak"

Salaketak iradokitzen du Mondragonek gehiago begiratu ziola bere ondareari bazkide ez aktiboen interes bidezkoei baino. Bazkide horiek, salaketak dioenez, batez beste 40 urteko ibilbidea zuten, Korporazioak aditzera ematen zituen lankidetza eta elkartasun idealetan konfiantza osoa zuten eta uste zuten Korporazioak inoiz ez zituela “engainatuko” edo “bertan behera utziko”.

Ordainduk eta Eskuratuk pena azaltzen dute Korporazioari “askotan” eskatu izan diotelako negoziazioak hastea, baina azkenean justiziara jotzera “behartuta” geratu direlako.

Sinistuta azaltzen dira epaitegiek erreklamazioari kasu egingo diotela, eta honako arau juridikoa aipatzen dute: “Kalte egiten duena ondorioen erantzulea da”. Gaineratzen dutenez, “kasu honetan, argi dago Mondragonek hainbat familia osori egindako kaltearengatik erantzun behar duela; familia horiek proiektu kooperatiboarengatik bizia eman zuten eta orain ezer gabe geratu dira”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak