Bosgarren edukiontziaren aldeko apustua berretsi du EAJk, sistema "eraginkorragoa, merkeagoa, garbiagoa eta erosoagoa" delako

Josu Bilbao 2015ko aza. 26a, 11:42

Bergarako EAJk herritarrei dei egin die parte har dezaten hiri hondakinen gainean domekan egingo den herri galdeketan eta bosgarren edukiontziaren aldeko botoa emateko eskatu die, horretarako paper zuria erabiliz. Era berean, jeltzaleek azpimarratu dute Debagoieneko Mankomunitateak egindako ikerketa lanen arabera, edukiontzi sistemarekin, "urtean, 230.000 euro aurreztu" ahal izango dutela eta sistema berria ezartzeko beharrezkoa den inbertsioa "zazpi hilabete eta erdian amortizatuko" dela.

Galdeketaren bitartez, "inposizioak alde batera" utzita, bergararrek erabaki ahal izango dute udalerrian zein hondakin bilketa sistema ezarri. "Hau guztia posible da EAJ dagoelako Udal gobernuan" adierazi du Bergarako EAJk.

Jeltzaleek beste hainbat datu eman dituzte "edukiontzi sistemaren alde" egiten duten apustua indartzeko eta sistema hori "eraginkorragoa eta merkeagoa" dela egiaztatzeko. Azaldu dutenez, esaterako, Udaleko txostenak, azken lau urteetan, hondakinen bilketak "1.335.000 euroko defizita" sortu duela frogatzen du.

Bergarako EAJk dio bosgarren edukiontzia erabilita, "emaitza berdinak edo hobeak" lor daitezkeela "frogatu" dela eta Arrasateko sistema jarri dute eredu moduan. Arrasaten, bost edukiontzi darabilte hiri hondakinak batzeko, herritarrek edozein unetan utz ditzakete hondakinak sailkatuta, dagokion edukiontzietan, eta edukiontzi marroia eta grisa, organikoarena eta errefusarena, hurrenez hurren, txartel pertsonalizatuarekin ireki behar dituzte herritarrek. Horregatik, Bergarako jeltzaleen ustez, bosgarren edukiontzien sistema "merkeagoa, garbiagoa eta pertsonendako erosoagoa" da. Gaineratu dute, sistema hori "egunetik egunera hobetu" daitekeela, "herritarren beharretara egokitzeko aukera eskaintzen" duelako eta "gaikako hondakin bilketa-emaitza hobeak lortzea" ahalbidetzen duelako.

Herritarren inplikazioa

Ildo horretatik, EAJk dio sistemaren arrakasta bermatzeko "herritarren inplikazioa eta partaidetza ezinbestekoak" direla, baina, betiere, "inposizio barik". Hori dela-eta, informazio kanpainak egitea eta sentsibilizazio ekintzak gauzatzea beharrezkotzat jo du, "hondakinen inguruko arazoaren baitan, herritarrek kontzientzia har dezaten eta beren parte hartzea areagotu dezaten".

Bukatzeko, Bergarako EAJk herritarrak animatu ditu "orain arte bezala hiri hondakinak gaika batzen segi" dezaten, "sistema berriarekin, hondakinak etxean pilatuta izan ordez, zaborra edozein egunetan eta edozein ordutan, dagokion edukiontzian, botatzeko aukera" izango dutelako. Eta hori horrela izan dadin, "herritarren botoa" eskatu dute bosgarren edukiontziaren alde.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak