Matxismoak eraso eta hildakoak gogora ekarriko dituzte gaurko elkarretaratzeetan

Jon Berezibar 2015ko aza. 25a, 08:49

Indarkeria matxistak hiltzen segitzen duela salatuko da gaur beste behin ere ekintza eta elkarretaratzeen bidez. Gainera, Bergaran, Aretxabaletan eta Aramaion udalek adierazpen instituzionalak onartu dituzte eta ekintza bereziei dagokienez, besteak beste, Oñatin eta Elgetan Zapata gorrien ekintza egingo dute gaur eta Bergarako Martxanterek akelarrea egingo dute.


ELKARRETARATZEAK

ARRASATE 19:00 Herriko Plazan • BERGARA 19:00 San Martin Plazan • OÑATI 18:30 Foruen Plazan • ARETXABALETA 19:00 Herriko Plazan • ESKORIATZA 18:00 Fernando Eskoriatza Plazan • ANTZUOLA 19:00 Herriko Plazan • ARAMAIO 18:00 Bizente Goikoetxea Plazan • ELGETA 18:30 Mendizaleen Plazan

Emakumeen kontrako indarkeriak gaur egungo gizartearen arazo latzenetakoa izaten jarraitzen du, eta horren adibide dira datuak. Bergaran, esaterako, Udaleko gizarte zerbitzuek emandako datuen arabera, azarora bitartean emakumeen kontrako indarkeriarekin lotutako 33 interbentzio egin behar izan ditu Udalak aurten. Arrasateko Udalean bestalde, 2015ean 13 kasu berriri eman diete laguntza, eta horietaz gain, aurretik ere laguntza jasotzen zuten 23 pertsonarekin lanean jarraitu dute.

Udalen adierazpenak

Gauzak horrela, ibarreko hainbat udaletan gaiarekin lotutako adierazpen instituzionalak onartu dira osoko bilkuretan, esaterako Bergaran, Aretxabaletan eta Aramaion. Eta adierazpen horietatik egiten den irakurketa orokorra da emakumeen kontrako indarkeria "arazo estrukturala" dela, gizartean bertan dagoela indarkeria mota horren abiapuntua, eta ondorioz, gizartea bera dela aldatu beharrekoa.

Azken egunotan ere hainbat ekintza burutu arren, gaur Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunean bertan izango dira ekitaldi gehienak. Hala, arratsaldean, Leintz Gatzaga salbu, beste herri guztietan izango dira elkarretaratzeak. Biolentzia matxistarik ez! edo Emakumeenganako indarkeriarik ez! izango dira berauetako zenbaitetan erabiliko dituzten leloak, eta zenbait kasutan gainera, elkarretaratze bereziak izango dira: Bergaran, esaterako, Martxanterak taldeak antolatuta, akelarrea egingo dute, eta indarkeria sexistarekin lotutako esaldi edo objektuak erreko dituzte.

Zapata gorriak eta hitzaldiak

Bestelako ekitaldirik ere egongo da. Oñatin (18:00) eta Elgetan, gorriz margotutako ehun zapata pare plazaratuko dituzte Elina Chauvet artista mexikarrak Ciudad Juarezen emakumeek jasaten duten errealitatea salatzeko egindako protesta ekimenaren erreplikatik abiatuta. Eskoriatzan, 18:30ean Las raices profundas de la violencia izeneko hitzaldia eskainiko kultur-etxean du Valentin Zurbanok eta Aretxabaletan, bestalde, 19:30ean, elkarretaratzearen ostean Ez gara Palestinaz ari ikuskizuna egongo da Arkupen.

Sentsibilizazio kanpaina

Bideberri Mankomunitateak – Antzuolak, Elgetak eta Gatzagak osatua – urte osoan zehar eusten dioten sentsibilizazio ekimenekin jarraitzen dute egunotan. Elgetan joan den asteburuan bertan egin dute autodefentsa ikastaroa, urtarrilean Antzuolan egingo duten bera (izenematea, abenduan). Gaurko salaketa egunarekin lotuta, puntu morea duten zapiak ere eskuragarri daude udaletxeetan balkoietan eskegitzeko (2 euro). 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak