Foru Aldundiak 813 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du, ekonomia sustapena eta gizarte politikak ardatz dituenak

Leire Kortabarria 2015ko urr. 30a, 14:39
Markel Olano eta Jabier Larrañaga, hedabideen aurrean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 813 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du gaur, egubakoitza, kudeaketa orokorreko fondoak eta finantza karga barne hartzen dituen zifra. Jakina denez, 2015ean aurrekontua luzatuta egon da eta, honen baitan, zenbait doikuntza eta kreditu gehigarri txertatu dira, guztira 771 milioi euro osatu arte. Foru Aldundiak 2016rako egindako proposamena zifra honekin alderatuz gero, hurrengo urteko aurrekontua 42 milioi euro handiagoa izango da, hau da, %5,4ko hazkundea. 

Gakoa Gipuzkoa ekonomia sustapenaren bitartez berpiztea da. Ideia honen gainean eraiki ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak bere aurrekontuak. Izan ere, ekonomia sustapen arloak 23 milioi gehiago ditu, 2015ean baino %49,11 gehiago. Markel Olanok Foru Gobernuaren plan ekonomikoa azaroaren 18an aurkeztuko dutela aurreratu du. Azaldu duenez, 50 milioi bideratuko dira proiektu honetara eta lurraldeko ekonomiari bultzada ematea izango du xede. Beste helburu nagusia politika sozialak "blindatzea" da, Olanoren hitzetan.

Olano eta Ogasun eta Finantza foru diputatua, Jabier Larrañaga, izan dira gaur goizean zehar aurrekontuak aurkezteko ardura izan dutenak. Lehen orduan, dokumentuak ezohiko saioan batzartutako Gobernu Kontseiluaren oniritzia jaso du eta, ondoren, Batzar Nagusietako lehendakari Eider Mendozari eman diote. Ostera, Olano eta Larrañaga hedabideen aurrean agertu dira. Hemendik aurrera, dokumentuak Batzar Nagusietako ohiko ibilbidea bete beharko du. Aurreikuspenen arabera eta, ezustekorik izan ezean, abenduko hirugarren astean eztabaidatu eta bozkatuko dira osoko bilkuran.

Olanok azaldu duenez, aurrekontuen hazkundea diru-bilketaren hazkundearen aurreikuspenekin uztartzen da, eta baliabideak “era egokian” kudeatzera konprometitu da “zenbakiak bat etor daitezen”.

Gizarte politikek, diruaren %47

Foru Aldundiak azpimarratzen duenez, "kontutan hartu beharra dago aurreko foru gobernuak 20 milioi gehiago izan zituela oposizioak Gipuzkoako ekonomiari laguntzeko onartu zituen bi foro arauren eraginez". 2016. urteari begira, Olanok zuzentzen duen taldeak, partida hauek aurrekontuan egonkortu ez ezik, indartu ere egin ditu.

Gizarte Politika departamentuari Aldundiak eskura izango dituen baliabideen ia erdia dagozkio, %46,78 zehazki. Horrela, Maite Peñak zuzentzen duen alorrak 2015ean baino 11 milioi gehiago izango ditu. Kantitate honek biztanleko 480 euro baino gehiagoko gastua suposatzen du eta, diputatu nagusiak azaldu duenez, Foru Aldundiak Ongizate Estatuaren defentsan harturiko konpromisoa berresten du.

Hondakinen arazoari "irtenbidea"

Hondakinen arazoari "irtenbidea ematea" aurrekontuetan islatzen den beste proiektu estrategikoetako bat da: “Aurreko legealditik egiteke zeuden kontu eta arazoei irtenbidea eman eta egun eskaintzen ditugun zerbitzuak hobetu eta zabaltzera goaz”, nabarmendu du Olanok.

Lurraldeko errepideen hobekuntzari dagokion diru-saila, bere aldetik, 53 milioi eurokoa izango da, eta Gipuzkoak egun dituen azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzen jarraitzea du jomuga.

Euskadiren aurrekontu proiektuaren entrega

Bestalde, gaur beste hitzordu garrantzitsu bat izan da; hain zuzen, Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteari Euskadiren 2016. ekitaldirako Aurrekontu Orokorren Lege-anteproiektua entregatu dio. Aurreproiektua urriaren 27an onartu zuen gobernuak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak