"5. edukiontzia" eta "atez atekoa" artean aukeratu beharko dute bergararrek herri galdeketan

Julen Iriondo 2015ko urr. 27a, 10:01

Atzoko osoko bilkuran aurkeztu zuen Udal Gobernuak galdera proposamena, eta EAJren eta PSE-EEren botoekin onartu zen. Hauxe da: Bergarako udalerrian, zein kontsideratzen duzu hondakinak gaika biltzeko erarik egokiena? Eta erantzun posibleak: 5. edukiontzia, letra handiz, eta txikiagoz Gaikako bilketa edukiontzi bidez egitea; edo Atez atekoa, letra handiz, eta txikiagoz Gaikako bilketa atez ateko sistemarekin egitea. Oposizioa ez zen galderarekin ados agertu, behar besteko "argia" ez dela-eta. Galdeketa azaroaren 29an egitea proposatu du Gobernuak.

Oposizioa ez zen Udal Gobernuak atzoko osoko bilkurara eramandako galderarekin ados agertu, egun Bergaran dagoen sistema atez atekoa barik sistema mistoa dela-eta. Alkateak EH Bilduri erantzun zion galdera eta erantzun posibleak horrela formulatuta ere herritarrek badakitela zeren artean aukeratu behar den.

Galdera eta erantzun posibleak "modu argiagoan" ematea eskatu zuen EH Bilduk, Atez atekoa erantzuna Gaur eguneko sistema erantzunagatik ordezkatuz, adibidez –eta 5. edukiontzia erantzuna ere zehaztuz–, baina Udal Gobernuak ez zuen eskaria onartu.

Osoko bilkuran EAJren eta PSE-EEren botoekin onartutako prozeduraren arabera, 18 urtetik gorako bergararrek izango dute kontsultan parte hartzeko aukera. EH Bilduk azaldu zuen, euren ustez 16 urtetik gorakoek eduki behar luketela aukera, nahiz eta 18 urteko muga onartzeko prest agertu zen, Gobernuak galdera moldatzeari baietza emanez gero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak