'Novedades en Villa Titiritaina' antzezlanaren azken emanaldia egin du Ikusi Makusi taldeak Bergaran

Maite Txintxurreta 2015ko urr. 9a, 20:21
Antzezlanaren une bat

Oñatiko Pake Leku erretiratuen elkarteko antzerki taldearen emanaldiarekin ederki pasatu dute gaur arratsaldean Zabalotegi aretora gerturatu direnek. Iazko martxoan "Vivir en Villa Titiritaina" izenekoa estreinatu zuten haien herrian, eta oraingoa istorio haren jarraipena izan da. Elkarrekin bizi diren sei pertsona adinduren nondik-norakoak kontatzen ditu antzezlanak.

Alicia, Sara, Adriana, Consuelo, Amparo eta Ritxar-ek osatzen dute Villa Titiritaina izeneko etxean batera bizi den lagun-koadrila. "Vivir en Villa Titiritaina"-n azken bi horien arteko ezkontza kontatu zuten, eta oraingoan, "Novedades en Villa Titiritaina"-n, egun horren lehen urteurrenaren ospakizunen bueltan hasten da kontakizuna.

Seien arteko elkarbizitza aski gorabeheratsua da, eta egoera surrealista eta barregarriak ez dira falta izan gaur Zabalotegi aretoan. Mafia errusiarra eta guzti iritsiko da Oñatiko koadrila berezi horren etxera, baita inkilino berriak ere.

Ikusleak zein aktoreak pozik

Hirurogei pertsonatik gora batu dira Bergaran Oñatiko Pake Leku erretiratuen elkarteko Ikusi Makusi antzerki taldearen lana ikusteko. Barre asko egin dute emanaldiak iraun duen ordu eta erdian, eta amaieran txalo zaparrada batez agurtu dituzte aktore guztiak.

Gaurkoan taula gainean protagonista izan direnak ere pozik agertu dira antzezlanaren amaieran. Aipatu dute haiek antzerkia debalde egiten dutela eta profesionalak izan ez arren "bizipoza" ematen diela.

Proiektu berria

Iazko azaroan haien herrian estreinatu zuten "Novedades en Villa Titiritaina", eta Zabalotegikoa izan da berau taularatu duten azkenengo aldia. Azaroan, baina, eszenatokietara itzuliko dira obra berri batekin. Ikusi Makusikoek azaldu dutenez, berau prestatzen eta bitartean herriz-herri antzezten ibili direnez lan handia izan dute, baina ilusioz ari dira.

Beti bezala, Oñatin estreinatuko dute lehenbizi antzezlan berria, eta ondoren beste herri batzuetara joango dira.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak