Edoskitzeari buruzko esperientziak eta zalantzak argituz, taldearen laguntzaz

Maialen Torres 2015ko urr. 8a, 16:26

Amagandiko Edoskitze tailerrak ama hasiberri eta esperientziadunen zein oraindik haurdun dauden emakumeen topagune dira. Gaurkoan Aretxabaletako Kuku Miku lokala izan dute elkargune eta bailarako hainbat herritatik 13 emakume gerturatu dira. Edoskitzeari buruzko zalantzak, esperientziak, zailtasunak eta irtenbideak izan dituzte hizpide, eta elkarrengandik edoskitzea errazteko hainbat baliabide ikasi dituzte.

Esperientzia oso positiboa dela eta, hurrengo tailerretara joatera gonbidatu dituzte oraindik gerturatu ez diren amak. Dena den, dagoeneko ama izan direnentzat bakarrik ez, oraindik haurdun daudenentzat ere baliagarriak dira tailer horiek.

Tailerrak, herriz herri

Gaurko saioa Amagandiko edoskitzearen nazioarteko astea dela eta antolatu badute ere, ia astegun guztietan egiten dituzte tailerrak, herriz herri.

  • Arrasate: Astelehenetan, 10:30etik 11:30era (943 03 52 50)
  • Bergara: Martitzenetan, 11:30etik 12:30era (943 03 54 00)
  • Aretxabaleta: Eguenetan, 10:30etik 12:30etara (943 71 19 59)
  • Oñati: Egubakoitzetan, 10:00etatik 11:30era (943 03 54 30)

Tailerrera gerturatutako esperientziadun amek azaldu dute edoskitzeak dedikazioa eskatzen duela, baina esker oneko aukera dela eta abantaila asko dituela. "Nazioarteko Osasun erakundeak eta hazkuntzan adituak diren guztiek gomendatzen dute umearen lehen sei hilabeteetan edoskitzea naturala izan behar dela", dio Mirari Irure tailerreko partaideak.

Dena den, uste du administrazioak amei eskaintzen dizkien baimenak ez direla nahikoa edoskitze hori ahalbidetzeko, amatasun baimenak 16 astekoak baino ez baitira. Horregatik aldarrikatu nahi izan dute amatasuna eta lana kontziliatzeko erraztasun gehiagoren beharra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak