Ameriketako euskaldun komunitatearen bizitza dokumental batean

Eneko Azkarate 2015ko urr. 8a, 08:38

Mondragon Unibertsitateko Oñatiko fakultateko LEINN graduko ikasle talde batek dokumental bat egiten dihardu Ameriketako Estatu Batuetako euskaldun komunitatearen bizitzaren gainean. Enbaxadoreak dauka izena. Hilabetez San Frantzisko hirian izan dira testigantzak eta irudiak jasotzen. Bere sasoian harantz emigratu zuten "euskal artzainetatik hasi eta gaur egungo ingeniari eta teknologoetaraino, bertako euskal etxeko ekintzak oinarri hartuz". Finantzazio bila ari dira proiektua amaitzeko.

Loadinn da LEINN graduko ikasleek proiektuari eman dioten izena eta Enbaxadoreak dokumentalaren izena. Dokumental honetan Euskal Herriarekin harremana duten 30 pertsonatik gora elkarrizketatu dituzte. "Haien eguneroko eta istorioak erakutsiz Iparrameriketako euskal komunitate baten eraldaketa eta bizimodua islatu eta munduaren beste aldeko euskal kulturaren egoera erakutsi nahi izan dugu" diote.

Mota guztietako euskaldunak aurki daitezke dokumental honetan: edadetuak, umeak, enpresariak… Bertan jaio eta bizi diren euskaldunen istorioak entzuteko aukera ere badago, "euskal kulturarekin harremanari eusteko, musean edota euskal dantzan jarduten diren yankee euskaldunak…".

Finantzazioa

Une honetan, finantziazio modu desberdinak begiratzen dabiltza eta crowdfunding kanpaina bat jarri dute abian proiektua errealitate bihurtzeko. Diotenez, "helburua da dokumental honekin Euskal Herriko herri eta hiri desberdinetan erakutsi eta bertaratutakoekin eztabaida batean amaitzea, guztira bi ordu inguruko saioak prestatuz". Enpresa pribatu zein publikoen laguntza eskatzen ari dira, "euskal proiektu honi babesa ematen dioten enpresei dokumentala eta sare sozialetan publizitatea eginez".

Oraingoz, dokumentalaren trailerra prest dute eta proiektuaren gaineko informazioa, laguntzeko moduak eta abar, webgune honetan batu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak